Xabier Izaga | Kazetaria
Sinesgarritasun merkea
Duela astebete Gasteizko auzo batean agertu ziren pintada arrazistak eta sinbolo naziak zenbait burugaberen ekintza dira, hala uste dute herritar gehienek, auzo horretan meskita bat eraikitzea galarazi nahi dutenek barne. Asteazkenean, «Euskadi directo» ETBko programak auzo horretara jo eta zenbait bizilagun elkarrizketatu zituen. Denek ukatu zuten auzoko bizilagunek pintadekin zerikusia zutela, eta batek, gainera, fenomenoaren azalpena eman nahi izan zuen. Pintoreak ezkerraren eta eskuinaren arteko dialektikatik kanpo utzi zituen, eta, bukatzeko, esan zuen horien, salafisten eta Jarraiko gazteen diskurtsoa berbera dela. Hitz egitea libre da, batzuentzat behinik behin. Zer dela-eta nahaste-borraste hori? Bere azalpenei sinesgarritasun handiagoa emateko akaso? Hala bada, kontrakoa lortu zuen, «adituaren» azalpenak sinesgarritasun guztia galdu zuen eta.
Salafismoak eta sinbolo horiek irudikatzen duten ideologiak ez dute zerikusirik, ezta haien aldekoen diskurtsoek ere. Jarrai gazte erakundea duela zenbait urte desagertu zen, baina tira, uler dezakegu haren ondorengo erakundeetako gazteen diskurtsoaz ari zela. Zein da diskurtso hori, ordea? Gazte horiei nekez entzun diezaiekegu -telebistan inondik inora ez- zer aldarrikatzen duten, zer pentsatzen duten, haien erakundeak legez kanpo ezarri zituztenez gero. Nazismoaren eta faxismoaren diskurtsoa «Jarraiko gazteenaren» guztiz kontrakoa da. Lehenengoek arrazismoa, xenofobia, elitismoa, totalitarismoa... aldarrikatzen dituzte, eta euskal gazte abertzale horiek berdintasuna, bazterkeriarik eza, elkartasuna, demokrazia eta herritarren parte-hartzea (erredundantzia da, baina uste dut ez dela gehiegizkoa noizbehinka demokrazia zertan den gogoraraztea) dute helburu. Eta, beraz, ezkerrekoak dira. Inork pintadak egin zituztenekiko antzik bilatu nahi badu, errazagoa du euskal gazte horiek klandestinitatean desagerrarazi nahi izan zituztenengana jotzea.
Sinesgarritasuna ez da lortzen betiko komodina (ustez edozertarako balio duen baliabide eroso hori) oinetakoak erosteko ere erabiliz.