Floren Aoiz www.elomendia.com
Faxismoaren itzal zabala
Inperialismoaren «demokraziak» eta faxismoa ez dira, berez, elkarren etsai. Ongi uztartzen dira, historiak argitzen digunez. Ameriketako Estatu Batuak izan dira eskuin muturreko erregimen kriminalak babestu dituztenak
Aspaldi irakurri nuen Jacques R. Pauwelsen «The Myth of the Good War» (Gerla zintzoaren mitoa) liburua, zeinean Munduko Bigarren Gerlari buruzko hainbat topiko biluzten baitira, besteak beste, faxismoaren kontrako lehiarena. Irakurketa gomendagarria da, gerla hartan Ameriketako Estatu Batuek egin zutena hobeki ulertzeko, eta batez ere, gerla horri buruzko kontakizunen gibelean dagoenari so egiteko.
Faxismoa garaitu ondotiko munduan bizi omen gara, Alemania, Italia eta Japoniaren aurkako gerla «zintzoa»ri esker. AEBak izan ziren, kontakizun honen arabera, garaipenaren protagonista nagusiak, erortzear zegoen Europa salbatu baitzuten, Japonian inperialismoari aurre egiten zioten une berean. Gaitz guzien ikur bilakatu zen nazismoa, eta oro har, faxismoa, gerlako garaile batzuen ohorerako. Bertsio ofizialak juduak bilakatu zituen biktima nagusiak eta estatubatuarren parte hartzea erabakigarria bihurtu zen. Ahantzita gelditzen ziren beste biktima guziak, baita beste garaileak ere, sobietarrak esaterako. Haiendako ez zegoen lekurik gerla zintzoaren mitoan.
Mitoan ere ez ziren kabitzen nazi eta faxistekiko laguntza, lotura eta konplizitate guziak, munduan zehar eta bereziki AEBetan zabaldu eta errotu zirenak, enpresa munduan, ideologikoki eta politikagintzan. Faxismoaren demonizazioak istorio horiek alfonbra azpian gorde zituen. Demokrazia versus faxismoa: halaxe kontatu ziguten gerla, demokratak estatubatuarrak eta haien aliatuak zirelarik. Eredu uztartezin gisa aurkeztu dizkigute, nahiz eta faxismoaren historiak bestelako errealitatea erakusten digun. Kapitalismoaren magalean sortu zen faxismoa, botere nagusien aldetik ezkerra eta indar eraldatzaileei aurre egiteko tresnatzat hartua izan zena. Azterketa ideologikoak ezin ditu lotura ekonomiko eta politikoak ahantzi. Oso erraza da Hitler juduekin obsesionatutako zoro gisa hartzea, demokraziaren etsaia zela esanaz, baina, finean, nork bultzatu zuen «zoro» hura? Nork ireki zizkion botere politikoaren ate guziak? Nork eman zion laguntza ekonomikoa? Nork ahalbideratu zituen haren eraso militarrak?
Inperialismoaren «demokraziak» eta faxismoa ez dira, berez, elkarren etsai. Ongi uztartzen dira, historiak argitzen digunez. Gerla zintzoaren mitoan hain eder agertzen ziren AEBak izan dira faxismoa edota antzeko eskuin muturreko erregimen kriminalak babestu dituztenak. Zer ziren ba Pinochet edo Argentinako militarrak? Zutabe honetan ez litzateke sartuko AEBek lagundutako diktaduren zerrenda. Urrutira jo gabe, nola ulertu Francoren faxismoa eta oraingo «demokraziaren» arteko zilbor hestea?
Faxismoa, hainbat unetan kapitalismoaren tresna izan da, nahiz eta gerla zintzoaren etsai zikintzat aurkeztu. Orain, Norvegiako gertaerak aipatzen direlarik, eskuin muturraren kontrako mezuak ugaltzen dira, baina oso gutti dira faxismo eta eskuinaren erro eta adar itsusiak argitara eman nahi dituztenak. Faxismoaren itzala zabal izanik, asko baitira iluntasuneko loturetan harrapatuak.