GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre | Euskara irakaslea

Ehuneko cincuenta

Baten batek uste bazuen euskaldunon Estatu propiorik gabe euskara hizkuntza normalizatua izan zitekeela Euskal Herrian, kolpe ederra jaso du Osakidetzarako lan eskaintza publikoaren deialdirako PP-PSOEk egin duten proposamenarekin. Rafael Bengoa sailburuaren aburuz, euskara azkarregi hedatzen ari da Komunitate Autonomoan. Gainera, azterketetan euskara «gehiegi» sustatzeak Espainiako profesional onenen kaltetan jokatzen du. Jakina da Bengoak berak eta PP-PSOEko bere lagunek espainiar peto-petotzat jotzen dutela euren burua.

Gabriel Aresti bizirik balego, ordea, zera esango lieke Euskal Herrian bizi diren espainiar hauei «Sólo es español, Bengoa, quien sabe las cuatro lenguas de España». Hauek baina ez dira espainiarrak. Hauek dira, gehienez ere, «castellanos zerraus».

Espainolek ez dutela beren hitza betetzen gauza jakina da eta eurek onartutako legeak ez betetzea ere ez da gauza berria. Nafarroa Foralean eta Komunitate Autonomoan euskara hizkuntza koofiziala da, ehuneko berrogeita hamarrean ofiziala bai bederen; beraz, gaztelaniarekin parekotasuna aitortua diote euskal lurraldeetan (egungo Eusko Jaurlaritzak izan ezik). Ni, kasu honetan, ez naiz diskriminazioren aldekoa, ezta «positiboa» deitzen zaion horren aldekoa ere.

Ez dut uste euskararen ezagutza saritu behar denik, ezta gaztelaniaren ezagutza ere, biak ala biak baitira pareko hizkuntza koofizial. Edozein lan eskaintza publikorako azterketa, beraz, ehuneko berrogeita hamar gaztelaniaz eta beste berrogeita hamar euskaraz egin beharko litzateke, biak parean eta puntuazio berdintasunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo