GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskuin muturra, ekonomiaren baldintzatzaile

Ezin argiago azaldu zen atzo Ameriketako Estatu Batuetako errepublikanoen zatiketa arriskutsua. Izan ere, errepublikanoek Kongresuan gehiengoa badute ere, ez dute lortu eurek proposatutako zorraren goiko muga igotzeko plana aurrera ateratzeko sostengua; alegia, alderdiko ordezkari guztien sostengua, eta, bigarrenez, botazioa atzeratu zuen Kongresuak, denboraren premiak luzamendu askotarako tarterik ematen ez badu ere, abuztuaren 2tik aurrera, Kongresuak zorraren goiko muga igotzea onartu ezean, AEBak krisi larrian sar bailitezke, ordainketa-etendura eraginda. Jakina da akordioa errepublikanoen eskuin muturreko sektoreak, Tea Partyk, eragozten duela, eta AEBetako eskuina bera ere ikaratuta dago sektore horren jarrera dela-eta, herrialdeko ekonomia baldintzatzeko gaitasuna baitu. Are okerrago, mundukoa ere baldintzatuko dute.

Norvegiako atentatuak ustez gizon bakar batek burutu zituen, baina haien funtsa, berak idatzita utzi zuenez, Europan zehar inoizko indarrik handiena duen ideologia ultraeskuindar xenofoboa da. Eta, Europan bezala, AEBetan ere herrialde horretako politika eta ekonomia baldintzatzeraino indartu den ideologia, munduari bizkarra emanda bizi direnena, duela zenbait mendetako balioei eta pentsaera zaharkituari eusten dietenena. Bistan da haren arriskua ez dela Norvegiako erasoetan geratu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo