GARA > Idatzia > Kultura

IPUINAK

Musikarekin batera

p045_f01.jpg

Iban BALERDI

Alde batetik, ipuin guztiak, hogeita hemeretzi orotara, musikari edo musika talderen baten inguruan josiak daude. Hurrenkera kronologikoan bakoitzaren disko bat aukeratu du, 1966ko The Beatles-en «Revolver»-etik, 2008ko Paul Weller-en «22 Dreams»-eraino. Gehienak musika anglosaxoiari (Itoiz euskalduna eta Los Planetas granadarra izan ezik) eta pop-rock estiloari lotutakoak dira. Diskoa bera edo bertako abestiren bat aitzakia moduan hartuta osatu ditu Zalduak honako kontakizunak. Argitu behar da, hala ere, aurrez «Nabarra» aldizkarian ere argitaratuak izan direla.

Bestetik, formatu aldetik ere nahikoa berezi eta freskoa da. CD baten kaxaren itxura du eta badirudi irakurgaiarekin batera, alde bietan ipuinetako kanten bilduma egon daitekeela (tamalez ez dago horrelakorik). Autoreak azaltzen dituen kasete garaietan egiten zirenen modukoak. Aipagarria da, halaber, kontakizun bakoitzaren ezkerraldeko orrialdean aukeratutako diskoaren azala koloretan agertzen dela. Estilo zaindua eta ondo hautatua.

Istorioei dagokienez, autoreak esana da fikzio, autofikzio eta errealitatearen artean dantzan dabiltzanak direla. Hauetan bere ohiko gai eta estiloak baliatzen ditu, obsesioen perbertsioa, lehenago edo beranduago azaleratzen den itxurakeria, errepikatzen diren istorioak ... egiazko eta ezinezkoaren bitarteko mugak zeharkatuz, betiko ironia finaz. Hala ere, musika tartean egonik, bestelako gaiak ere aurki daitezke. Nork ez du abesti edo talde konkretu bat momentu, pertsona, bidaia edo egoera batekin lotzen? Nori ez dio doinu batek pentsakizun triste edo alairen bat gogorarazten? Gainera, musikarekin, pop-rock estiloarekin bederen, erlazionatzen den drogen kontsumoa ere erabili du idazleak istorio hauek osatzerakoan.

Lehen ikusi bezala, hamarkada desberdinetako musikari eta taldeak hautatu ditu, pop, rock sinfoniko, psikodelia, new wave eta beste zenbait estilo jorratu zituztenak. Alde horretatik, musikaren gainean gehiago ikasteko oso baliagarria izan daiteke, baita aipatutako autore eta diskoetatik abiatuta gehiago ezagutzeko ere.

Laburbilduz, oso liburu gomendagarria irizten diot Iban Zalduaren ipuingintza maite duenarentzat, pop-rock anglosaxoia gustuko duenarentzat edo liburu desberdin bat eskuratu nahi duenarentzat. Istoriotxoak oso azkar irakurtzen dira, baina behin baino gehiagotan irakur daitezke, detaile berriren bat azalduko baita, autorearen jolas txikiren bat esaterako. Aipatzekoak dira, bukatzeko, beste bi musikazaleren kolaborazioak, Fermin Etxegoienen hitzaurrea eta Mikel Hernandez-Abaituaren hitz-atzea, liburuari hasiera eta amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo