Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Hiritartasuna (IV)
Bigarren Mundu Gerra bultzatu zuten gertaerek agerian utzi zuten zeinen hutsala zen «Déclaration des droits de l'homme et du citoyen» egitasmoa¯giza talde bat «bestea» izendatzea nahikoa zen haren gizatasuna lehenik eta hiritartasuna ondoren ukatzeko. Genozidiorik berriro gerta ez zedin, eta giza eskubideen garrantzia azpimarratzeko asmoz, NBEk «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala» plazaratu zuen 1948ko abenduaren 10ean. Teorian, herrialde guztiek, konstituzio orok, aldarrikapenarekin bat etorri behar zuten/dute. Teorian hala behar zuen/du. Baina praktikak kontrakoa erakutsi zuen/du.
Batek hiritar izan behar du lehenik gizaki kontsideratua izateko. «Dzhan» laneko protagonista, Nazar Chagataev, horretaz ohartzen da Asia erdialdean igarotzen dituen hilabeteetan. Dzhan jendea Errusia komunistako hiritar bihurtzeko asmoarekin abiatu zen hara, baina saiakerak uste ez bezalako emaitza izango du. Basamortuan gosez hiltzen ari den Dzhan jendea bildu eta elikagaiak lortzeko baliabideak eskainiko dizkien eremura eramaten ditu Chagataevek, baina luze jo gabe taldea berriro sakabanatu egiten da. Chagataevek ezin du ulertu gertaturikoa. Chagataevek, Platonovek bezala, itsu sinesten du sozialismoan. Sozialismoak gizakiari duintasuna berreskuraraziko diola uste dute biek ala biek. Chagataevek, baina, Platonovek ez bezala, Errusiako hiritar izatea sozialismoaren parekidetzat jotzen du, eta horretan dago, hain zuzen, arazoa. Dzhan komunitateko kide batek Chagataevi esaten dionez, denbora luzez Errusiak berak eragindako gosetearen ondorioz gizakia izatea zer den ahaztu du bere jendeak.