ESOTERISMOAREN Azoka DONOSTIAN
Igarleen sekretuak ezagutzen
Batek beldurrez begiratuko dio, aditu nahi ez duen zerbait erranen ote dion kezkaz; bertzeak, aldiz, jakin-minez. Zalantzan, erabaki ezinik dagoen bat aholku eske joanen zaio, eta bertze batek probatzeagatik ebakiko du karta-sorta, mesfidati, irudiek diotena batere sinetsi gabe. Modu batera edo bertzera, igarleak zer pentsatu ematen du behintzat.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Miramar jauregiko terrazan, Donostiatik Indiara bidaia mistiko bat eginez inauguratu zuten atzo Esoterismoaren eta Terapia Naturalen XVIII. Azoka. Eta abuztuaren 7ra arte 50 bat igarle ezagutzeko aukera izanen da, eta aromaterapia, belar sendagarriak eta naturarekin lotutako bertze jakintza batzuez gehiago jakiteko ere bai.
Haur pila bat lehenengo lerroan adi-adi zituela, apaiz indiar batek su sakratuaren zeremonia egin zuen, loreak eta frutak eskainiz eta mantra bat kantatuz, garbitzeko eta bakea eskatzeko. Apaizak milaka urtetako erritu honetan laguntzeko eskatu zion jendeari eta denek batera abestu zituzten, behin eta berriz, hitz sakratuak. «Shanti, shanti...», erraten zuten. Hitz honek bakea adierazten du.
Mantraren soinua oraindik belarrietan, jauregi barrenean, makina bat postu ikusi genituen. Alacanteko Celia Verarena zen bat, aromaterapiaren ingurukoa. Azaldu zigunez, olio esentzia begetalak eta puruak ekarri ditu, jendeari min txikiak sendatzeko bertze modu batzuk irakasteko; azaleko arazoak, burukominak edo zirkulazioaren gorabeherak, adibidez. «Zedroaren tonikoak indarra ematen du eta galorratzaren olioa zoragarria da betileentzat. Horrekin ez da rimmelaren beharrik!», aipatu zigun. Sesamoa gomendatu zigun goizeko dutxetarako, gorputza berotu eta aktibatzeko, eta azenario olioa azala elikatzeko, den-dena natural-naturala, xaboiak eta lurrinak bezala. «Lurrin hauek onak dira infekzio eta katarroei aurre hartzeko, eta baita atsedenerako eta giroa garbitzeko ere», abisatu zigun.
Jendeak aromaterapia ezagutu eta bere nahasketa txikiak egiten hastea gustatuko litzaioke valentziarrari. Lavanda eta mejorana nahasiz, adibidez, erabateko lasaigarria lor daiteke. Verak ez du dendarik, baina atari bat ireki du Interneten produktuak saldu eta bere sekretuak zabaltzeko: «www.sandaraka.com.
Aretoan gauza anitzek zuten misterio puntua, apaingarri eta irudiengatik, intsentsu usainagatik, igarleen janzkeragatik... baina Sergio Gozziren postua zen harrigarrienetakoa, Donostian jaiotako mutil hau gidari espiritualen erretratuak margotzen ari baitzen. «Normalean familiakoak izaten dira, hildako aiton-amonak. Baina ez dut jakiten zer aterako den marrazkia bukatu arte, batzuetan gizona edo emakumea den ere ez, nire eskua baita aurpegi bat osatzen joaten dena. Hortaz, jendeak adina ezuste hartzen dut nik!», adierazi zigun.
Jakinarazi zigunez, batzuei atzera eragiten die kontu honek, mamu gisa ikusten dituztelako gidari hauek, baina lagundu egiten dute. «Mezu bat ematen dizute, zure potentziala erabiltzea gomendatu. Dauden lekuan daudela, zurekin komunikatzen dira mentalki, eta aholkua ematen dizute, ezertara behartu gabe, lagun baten gisan». Baso baten adibidea erabili zuen Gozzik guri egiten duena hobeki ulertarazteko: gu basoaren erdian gaude eta zuhaitzek ez digute dena ikusten uzten; gidariak, ordea, kanpoan daude, bertze perspektiba batean, eta bertze gauza batzuk ikus ditzakete.
Kontatu zigun badela jendea nolabaiteko desilusioa hartzen duena, marrazkian ez delako bere senitarteko maitea, berak espero zuena agertzen, bertze bat baizik, agian hainbertze maite ez zuen bat. Baina hurbiltasunak edo maitasunak ez omen du zerikusirik, momentu batean gehien lagun diezagukeena etortzen omen da guregana, agian familiatik kanpoko norbait ere izan daiteke. Eta batzuek uste dutenaren kontra, gidaria aldatu egiten da, une batean batek laguntzen digu eta gero bertze batek.
1995ean hasi zen zeregin honetan donostiarra, halako marrazkiak egiten zituen emakume bati laguntzen, emakumeak jasotzen zuena itzuliz edo transmitituz. «Nik ez nekien marrazten, ez nuen inoiz egin, baina emakumea hil zenean, bere mezuak jasotzen hasi nintzen. Marraztu egin behar nuela esaten zidan».
Gela batean mahai borobil txiki ugari zegoen eta bakoitzean igarle bat, batzuk bola magikoarekin, bertzeak taroteko kartekin... Baina bakarra zen euskal tarota zuena, Batirtxe bilbotarra. Igarle honek Maritxu Erlanz Uliako sorginak sortutako karta-sorta darabil. Erlanzek gaitasun handia omen zuen emakume bat haurdun zegoen ala ez asmatzeko. Erronkarikoa zen jatorriz eta Uliako sorgin ona deitzen zioten.
1976an sortutako karta-sorta honek sinbologia euskalduna du -joaldunak, akerra eta lauburua oroitarazten diguten irudiak ditu-, eta bertze karta-sortek ez dituzten karta batzuk ere baditu. Agurea, errate baterako. «Baikor badago gure barruko maisua da, baina ezkor badago horrek esan nahi du gure barrenean gotortuta gaudela». Hala ere, karta berak gauza desberdinak adierazi ditzake, eta botatzean nola eta noiz ateratzen den ikusi behar dugu.
Azaldutakoak adibide batzuk bertzerik ez dira igarleen topaleku zabal honen tartean. Eta beldurrez, jakin-minez, probatzeagatik edo laguntza eske Miramarreko Esoterismo eta Terapia Naturalen Azoka honetara etortzen denak Raymond Moody «Vida después de la vida» liburu ezagunaren egilea, Marilyn Rossner munduko mediumik onenetarikoa edo Gabriel Vazquez, Gorbeiaren magalean belar sendagarrien eskola-tailerra duen aditua, ezagutuko ditu; bertako eta kanpoko ordezkariak beren sekretuak irakasteko prest.