EH Jaietan | Etxarri-Aranatz
«Herriak musikaren sena du, horregatik ditugu kide gazteak gure abesbatzan»
2010eko abenduan Etxarri-Aranazko abesbatzak 40 urte bete zituen. Lau hamarkada igaro dira elizatik ateratzea erabaki zuenetik, Euskal Herriko eta nazioarteko hamaika txoko bere kideen ahotsen doinu eta musikaz betetzeko. Horregatik, Udalak euren lana eskertu nahi die eta gaur abesbatzako beteranoak igoko dira udaletxeko balkoira festei hasiera emateko. Suziria Maria Jesus Palazuelosek botako du, denbora gehien daraman bigarren emakumeak.
Abenduan abesbatzaren sorreraren berrogeigarren urteurrena ospatu genuen. Hasiera batean, XIX. mendetik, elizaren parte zen, baina 1970ean erabaki zen beste izaera bateko abesbatza sortzea. Kideek, herritarrek animatuta, hartu zuten erabakia, uste baitzuten maila egokia zegoela beste tankerako emanaldiak eskaintzeko.
1972an atera ginen lehenengoz eremu horretatik kanpo. Ni oraindik ez nintzen sartu baina lehiaketa batean izan zen.
Bai. Udalak herriko kulturaren alde egiten du beti, eta aurten urteurrena izanik guri egokitu zaigu jaiei hasiera ematea. Gure lana eskertzeko modu bat da.
Udalak hau egitea eskaini zigunean, beteranoenak balkoira igotzea proposatu zuen. Gainera esan zuen egokia litzatekeela emakume batek botatzea, azken urteetan gizonek bota baitute. Horrela abesbatzan urte gehien daraman emakumeak botatzea erabaki genuen, Asun Garmendiak. Baina berak ez zuen nahi izan eta nik botako dut.
Ni 1975ean hasi nintzen abesbatzan. Egia esan, errebotez sartu nintzen. Garai hartan, gaur egun bezala, jendea behar zen taldea osatzeko eta lauzpabost lagunekin batera animatu nintzen. 15 urterekin hasi ginen eta jarraitzen duen bakarra naiz.
Alde horretatik zortea dugu, herriko gazteek parte hartzen baitute taldean. Etxarri-Aranatzek harrobi ezin hobea du, urte batzuk eskasagoak izan arren. Azken hilabeteotan asko etorri dira eta gutxika joango dira taldearen dinamikan sartzen. Hala ere, pasa den igandean hainbat neska-mutikok lehen emanaldia eman zuten; tartean hamahiru urteko bi neska eta 18 urte inguruko bi mutil zeuden: Garazi Artieda, Ariane Atxa, Andoni Goikoetxea eta Mikel Larraza. Kontraste handia dago 40 urteak eman dituzten Jose Antoni Sesma, Enrique Garziandia eta Asunekin.
Egia esan ez. Kanpora joaten garenean beste abesbatza batzuetako kideek esaten digute zortea dugula hainbeste gaztetxoren presentzia izateagatik eta nolabaiteko inbidia digutela.
Herri honek sen musikala dauka. Etxarri-Aranazko iragana musikarekin lotzen da estu-estuan. Gogoan daukat nire amonak elizako abesbatzan abesten zuenean, 80 pertsona inguruk osatzen zutela. Eta ez zituzten soilik eliz kantuak egiten, zarzuelaren bat ere egiten zuten. Baina horretaz gain, herriko tabernetan ere beti egon da abesteko tradizioa. Orain galduz doa hori, baina musika grinak hor dirau.
Horrek esan nahi du gauzak ongi egiten ditugula. Lana eta esfortzua positiboki islatzean, jendea gurekin kontaktuan jartzen da elkarlanean aritzeko edo nonbaitera abestera joateko. Gainera, gauzak ongi eginez sariak irabaztea ere lortu dugu. Musikagile askorekin egin dugu lan: Kepa Junkera, Carlos Nuñez... Eta hainbat proiektutan parte hartu dugu, esanguratsuena, Pamplona Ciudad de Todos.