EH Jaietan | Azpeitia
«Marea arroxak» harrotuko ditu Azpeitiko kaleak hiru egunez
Gaur eguerdian, 12.00etan, emango zaie hasiera ofizialki Azpeitiko San Inazio jaiei. Julian Barrenetxea abesbatzakoak eta 2011 Kilometroak eguneko antolatzaileak arduratuko dira jaiei hasiera emateaz. Hiru egunez iraungo dute festek, eta «hire animau hai, mauhai!» hitz jokoa erabiliz, herria kalera atera dadila nahi du Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak. Aipatu, herrian aurreko asteburuan ere jaiak izan zituztela, Santio jaiak tarteko.
Aimar ETXEBERRIA | AZPEITIA
Gaur eguerdian hasiko dira ofizialki Azpeitiko festak, 12.00- etan botako duten txupinazoarekin: hain justu, Julian Barrenetxea abesbatza eta 2011ko Kilometroak izango dira jaiei hasiera emateko ohorea izango dutenak. Azpeitiarrek kaleak arrosaz margotzeko asmoa dute eta «marea arroxa» heltzear dela-eta, jai giroa sumatzen da dagoeneko herriko kaleetan. Festek abuztuaren 1era arte iraun- go dute.
Udalak adierazi duenez, auzolanean landutako jaiak dira aurtengoak. Euren esanetan, garai bikainak dira kalera irten eta primeran pasatzeko. Horregatik, errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu diete herritarrei, festa giroan elkartu, gozatu eta parte har dezaten.
Herriko hainbat eragile eta norbanakoren parte-hartzearekin, gazte zein erretiratu, heldu zein ume, denen gozamenerako jai egitaraua antolatu dute. Bakailao lehiaketa, zezen ikuskizunak, kirol ekitaldiak, musika emanaldiak... era guztietako ekintzak izango dituzte gozagarri herritarrek.
Suziria jaurti bezain pronto, «marea arroxa» ekimeneko kideek umore onez eta alaitasunez beteko dituzte alde zaharreko kaleak, Eskandalue elektro- txarangaren laguntzarekin egingo duten kalejira dela medio. Jarraian, saninazioetako ekitaldien artean parte-hartzea handienetakoa duen herri bazkaria egingo dute. Uztarria kultur taldearen arabera, dagoeneko 800 txartel baino gehiago saldu dituzte.
Txosnek ere izango dute zer esan. Jaia eta aldarrikapena uztartzen diren eremuotan, kontzertu eta bestelako ikuskizu-nez gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek. Gaur 17.00etan irekiko dituzte, herri bazkariaren ondoren, jokoak egingo dituztelako bertan.
Aldarrikapena oinarri hartuta, hainbat ekimen izango dira gaurko egunean. Txupinazoa bota aurretik, 11.30ean «Egin dezagun bidea, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira» lema hartuta, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan. Horrez gain, eta borroka feministarekin lotuta, «Txitximore»ren bideo emanaldia izango da txosnagunean.
Jakina da Azpeitiko herriak tradizio zezenzalea duela. Udalak zabaldu duen programan dioenez, 1622an zezenketak errotuta zeuden dagoeneko herrian. Ia 400 urte hauetan eboluzionatu egin omen dira eta herrian txertatuta jarraitzen dute. Hori horrela, jaiek iraun-go duten hiru egunetan izango dituzte zezenketak ikusgai, 18.00etatik aurrera. Gainera, zezenketez gain, umeentzako zezentxoak ere jarriko dituzte Done Jakue kalean, baita entzie- rroak egin ere.
Umeek ere euren presentzia izan dezaten jaien bilakaeran, 17.30ean hasita, Poxpolo eta Konpainiaren ikuskizuna izango dute Olazko Amaren plazan.
Gaueko ekimenek izaten dute normalean pisu handiena edozein herritako jaietan, eta Azpeitian ere ez dira gauzak hainbeste aldatzen. Hiru egunetan izango dira su festak, 23.00etatik aurrera. Zaragozako, Bizkaiko eta Valentziako piroteknia etxeen eskutik izango dira ikuskizunak. Gaur, zehazki, Pirotecnia Zaragozana izango da jendearen begiradak erakartzen ahaleginduko dena.
Gazte parrandazaleen momentua alaitze aldera, 22.15ean Karaoketa antolatu dute txosna gunean. Horren ondoren, txosnetako agertokian, Deskontrol eta erromeria talde baten kontzertuak izango dituzte ikusgai. Punk oi! musika zaleek, aukera paregabea izango dute euren gustuko musikarekin gaua alaitzeko Deskontrolen kontzertuan. Hasiera batean, Friday´s Crew talde azpeitiarra zen kontzertua ematekoa. Baina taldeko kide baten arazo fisikoak tarteko, bertan behera utzi behar izan dute emanaldia. Plaza Nagusian eta Olazko Amaren plazan ere izango dira kontzertuak: Los del Gas eta Oihan Vega izango dira Plaza Nagusian; eta Joselu Anaiak izango dira Olazko Amaren plazan.
«Hire animau hai, mauhai!»
Festa Herrikoien Batzordeak dinamika bat abiatu du saninazioak girotze aldera. «Hire animau hai, mauhai!» lelopean, spot bat grabatu dute eta sarean da ikusgai. Euren helburua, kaleko giroa indartzea da. Suziria botatzearekin batera, alde zaharreko kaleak arrosaz jantziko dituztela diote, kalejira, poteo eta abarrekin. Zahar eta gazte, nagusi zein haur, denei zuzendutako ekimenak antolatzea izan dute helburu.
Azpeitiko Udalak, alkohol eta drogen kontsumoaren gaineko mezu bat zabaltzea nahi izan du. Jakitun dira, egun berezi hauetan, substantzia jakin batzuen kontsumoa nabarmen areagotzen dela. Hori horrela, uztailaren 30ean, gauerditik 03.00ak arte, alkoholaren gaineko azterketak egingo dituzte Perez Arregi plazan. Hilaren 31n, aldiz, drogen gaineko analisiak egingo dituzte. Euren helburu nagusia, substantzia bakoitzak giza gorputzean nola eragiten duten jendeari azaltzea izango litzateke. Horrez gain, jai parekideen aldeko mezua ere zabaldu nahi izan dute, sexu jazarpen oro salatuz.
Azpeitiko Udalak jai parekideak izan daitezen dei egin die herritarrei. Ez dira motz gelditu; hau da, ez dute sexu erasoen aurkako ohiko mezua helaraztera mugatu nahi izan, eta harantzago jo dute.
Horiek horrela, eta jaietan emakumeen parte-hartzea bermatzeko asmoarekin, etxeko zereginak eta zaintza lanak emakumeen eta gizonezkoen artean banatzeko deia egin du Udalak. «Emakume zein gizonezko, guztiok izan dezagun aisiaz gozatzeko aukera berdina», gaineratu dute.
Parekidetasunaren aurkakoak diren jarreren aurrean, edota sexu eraso eta jazarpenen aurrean, ozen salatzeko beharra nabarmendu dute. Euren ustez, guztion ardura da halako erasoei aurre egitea.
Halako erasorik gertatuz gero, horiei aurre egiteko gida bat plazaratu dute, eta bildu dituzten gomendioei jarraitzeko eskatu dute. Festak diren bitartean, inolako eraso sexistarik egongo balitz telefono zenbaki bat jarri dute berau salatzeko. A. E.