GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik bere esku dauka txapela 560 kilokoan

Puntu bateko aldea kentzen dio Goiherriri, orain arteko bere aurkari nagusiari.

p028_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gaur amaituko da aurtengo Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa, eta Laukizen izango du finala 17.30etik aurrera. Azkeneko ekitaldi hau hirugarren eta amaierako jardunaldia izango da 560 kilokoan.

Emozioa nahi izaten da beti, eta zaleek hori izango dute gaurko saioan. Dena erabakitzeko baitago. Lehen posturako aukerak Gaztedik eta Goiherrik dituzte, eta podiuma osatzeko ere oraindik erabakitzeko dago, Goiherri B eta Getxo taldeek baitute horretarako aukera. Garbi dagoen gauza bakarra, azkenekoa da, hor Gaztedi mistoak amaituko baitu.

Lehen postuan Gaztedi dago, eta Laukizeko taldeak gaur tiraldi bat galtzeak ere balioko lioke garaipena erdiesteko. Garbi dago une honetan Gaztedi eta Goiherri beste taldeen gainetik daudela; beraz, normal joanda txapela bi talde hauen arteko tiraldien ostean erabakiko da. Une honetan Laukizkoek puntu bat kentzen diete Erandiokoei, eta ezusteren bat gertatu ezean, bi hauek gainerako talde guztiak mendean hartu beharko lituzkete, eta bien arteko deman erabaki auzia.

Gauzak iragartzen diren bezala joaten baldin badira, Erandiokoek bi tiraldiak irabazi beharra daukate, eta hori gertatuko balitz, puntuetan berdinduta geratuko lirateke Gaztedi eta Goiherri, eta kitarakoa jokatu beharko lukete garaipena erabakitzeko.

Gaztedik ere gainerako taldeak menderatu eta Goiherriren aurka bi tiraldiak, edo bat bereganatuko balu txapela lortuko luke. Berdeen aurka galduko balu, kitarakoa jokatu beharko du. Orain arteko bi saioetan, Gaztedik eta Goiherrik gainerako taldeei tiraldi guztiak irabazi dizkie. Lehen jardunaldian baina, Gaztedik Goiherri mendean hartu zuen, eta pasa den astean berdindu egin zuten tiraldi bana lortuz. Goiherrik ere orain arte, gainerako taldeak mendean hartu ditu.

Podiuma osatzeko ere gauzak estu daude. Une honetan Goiherri B taldeak puntu bat kentzen dio Getxori. Hemen ere gauzak nahiko garbi daude, ezusteak izatea zaila izango baita. Normalean biek irabazi behar diote oraindik tiraldi bat bera ere lortu ez duen Gaztedi mistoari, eta aurreko bi handiak ere menderatzea ia ezinezkoa dirudi. Beraz, bien arteko dema izango da erabakigarria.

Gauzak orain arte bezala joaten baldin badira, Erandioko bigarren taldeak nahikoa izango du Getxoren aurka tiraldi bat irabaztea hirugarren postua eskuratzeko. Getxok biak bereganatzen baldin baditu, kitarakoa jokatu beharko dute.

Garbi dagoena azkeneko postua da, hortik ezinezkoa baitu Gaztedi mistoak ihes egitea. Tiraldiren bat irabaztea izango dute helburua.

EUSKAL SELEKZIOA, ESLOvENIARA. Euskal Herriko segalariek Europako Txapelketa jokatuko dute Cerklje na Gorenjskem herrian, Eslovenian, datorren abuztuaren 20an eta 21ean. Almitza Elkartea ari da lehiaketa horretan parte hartuko duen taldea prestatzen, eta beraiek antolatu duten Ligako segalaririk onenak deitu dituzte, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan ere. Jadanik eman dituzte Esloveniara eramango dituzten segalarien izenak, eta tartean izango dira Mitxelena, Gabirondo -ligako bi onenak mutiletan- eta Garin -ligako onena nesketan-. Lehiaketan ahalik eta lanik txukunena egitea izango da helburua, eta dominaren bat lortzea ere asmoen artean dute. Suitzako eta Alemaniako selekzioak izango dira aurkaririk gogorrenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo