EH Jaietan | Algorta
Tradizio zaharrak berpiztuz, kuadrillak berriz bildu
Jai giroak bete-betean harrapatu du Algorta. Beti bezala, «jai euskaldun, herrikoi, parekide eta parte-hartzaileak» dira, eta gainera, ohitura zaharrak ere ederto berreskuratzen dituzte, esaterako, bertako kuadrillen jaitsieran.
Mikel PASTOR | ALGORTA
Bi egun eta bi gau daramate algortarrek jo eta su, jaien amaraunean harrapatuta. Nekearen lehen zantzuak nabaritzen hasiak ere bai batzuk agian, baina alfergura guztia erraz uxatzeko moduko jai egitaraua antolatu dutenez aurten ere, erraz bilduko dute parrandarako gogoa.
Ederra izan zuten atzoko eguna, eguerdiko gazte bazkarian indarrak bildu ondoren, Gose eta Estrikalla taldeen kontzertuarekin biribilduta. Ostegunekoa ere ez zen izan gutxiagokoa, Zea Mays eta KOP taldeen laguntza eskergaitzarekin.
Baina partida ez da bukatu. Oraindik hiru egun geratzen zaizkie algortarrei jaiak amaitzeko, eta azken xurrupadara arte gozatu nahiko dute. Aurpegia garbitu, arropaz aldatu eta kaleak hartuko dituzte berriro ere, goizaldeak ezustea eman arte.
Erropaz aldatu beharko dute, gainera, gaur ekitaldi berezia daukate-eta algortarrek. Azken lau urteetan bezalaxe, hondartzarainoko jaitsiera egingo dute bertako kuadrillek, eta aurten, lehendabiziko aldiz, apuntatu nahi duen edozein lagun taldek. Talde giroa sortzea, kuadrillen artean konfiantza, konplizitatea indartzea nahi dute.
Euskal janzkera tradizionala atera beharko dute armairutik, tradizioa berreskuratzea baita ekintza honen helburu nagusia. Jaitsieran ez dira soilik gazte kuadrillak agertuko, garai guztietako algortar kuadrillak batzea da asmoa, jai batzordeak dionez: «Atzo, gaur eta biharko kuadrillak bildu nahi ditugu, horien arteko inolako bereizketarik egin gabe». Azken batean, den-denak bihurtzea festako protagonista, adinagatik edo izaeragatik kuadrillen artean izan litezkeen aldeak alde.
Tradizioak berrituz
Adin guztietako kuadrillak biltzea eta denon artean berriro jaitsiera egitea, halere, ez da gauza erraza izan. Orain dela lau urte hau, tradizioa guztiz ahaztuta zegoen, alboratuta.
Berreskuratzeko prozesua bitxia izan da oso, jai batzordeko Kepak azaldu digun bezala: «Txosnagunean nengoela, kuadrilla zahar bateko partaide bat etorri, eta hizketan hasi ginen». Gai ugari izan zituzten hizpide, alkohola edateko joera aldaketak, gazteriaren ohitura berriak, aspaldiko jaiak; eta halako batean, «kuadrillako hartakoak gogora ekarri zuen orain dela urte piloa kuadrilla guztiak euskaldunez jantzita egiten zutela jaitsiera, hondartzara arte». Hori aditu, eta Kepak, ez bat eta ez bi, lau haizetara zabaldu zuen.
Eta hura arrakasta izan zuena. Tximista balitz bezala hedatu zen berria algortarren artean, eta hurrengo urtean «kuadrilla pilo bat agertu zitzaizkigun jaitsiera klasikoan», haiek esperotakoa baino «askoz gehiago».
Lau urtetik hona, gainera, indartu egin da ekimena, eta adin guztietako kuadrillak biltzen dira jaitsieran parte hartzeko, «harrigarria da elkarren artean inolako zerikusirik ez duten kuadrillak denak batera jaisten ikustea, benetan hunkigarria da». Beraren iritziz, ezberdintasunak ez dira hain sakonekoak, «errespetu edo lotsa hori gainditzen dutenean, ikusi egiten da beren artean hitz egiten dutela, eta espero baino gehiago daukatela elkarri esateko; azken batean, denok gara algortarrak».
Aurten, Areatzu eta Txopolis fanfarreek alaituko dute jaitsiera, «Cuatro Caminos»etik Ereaga hondartzaraino. Musika, dantza eta algara izaten dira nagusi; eta jaiaren hasiera baino ez da.
Kuadrilla guztiak hondartzara heltzean (batzuk besteak baino freskoago), ohiturari jarraituz, larraindantza egingo dute, zahar eta gazte, giro ezin hobean. Eta kirol ariketak gosetu egiten gaituenez, sardina jate oparoa zain izango dute kuadrilek.
Jaiak merezi duen amaiera emateaz Oxabi erromeria arduratuko da. Ziur aski, jandako (eta edandako) guztia gustura erreko dute euskal dantzetan.
Festak aurrera doaz
Gaurko eguna eta gaua igarota, inork indarrik badu, oraindik bide gogorra izango du aurretik, biharkoa ere egun handia delako, San Inazio. Egun osorako ekintza mordoa antolatu dituzte, euskal kulturarekin zerikusia dutenak. Dantza taldeak, bertsolariak, eta nola ez, herri kirolak.
Herri kiroletan, hain zuzen, nabarmentzekoa, kuadrillek erakutsi beharko dutela euren maila. Aurreko proben eta gaueko nekeari aurre egin beharko diote partaide ausartek lokotx, txinga, sokatira eta antzeko probetan. Ez ote zaio bati baino gehiagori damutuko bart egindakoa. Nolanahi, edonor suspertzeko moduko kontzertuak antolatu ditu jai batzordeak, Vendetta eta Bizardunak taldeekin.
Azken egunerako, txibi eta tortilla lehiaketak. Txibiak prestatzea ohitura errotua da Algortan, arrantzale giroko herria zen garaitik datorrena. Hala, jai batzordeak nolabaiteko omenaldia egin nahi die itsasoan ibili eta Algortari horrenbeste eman dietenei.
Badakizue, egunez edo gauez, ondo pasatu nahi baduzue, gerturatu guaitoen lagunartera.
Aiora Renteria abeslariaren talde bilbotarrak eta Herrialde Katalanetako hard core taldeak algortarren zoramena eragin zuten ostegun gauean, ehunka pertsonaren aurrean.
Lehendabiziko aldiz, jai batzordeak aurrez izena eman ez duten lagun taldeei ere utziko die kuadrillen jokoetan parte hartzen. Modu horretan, parte-hartzea sustatu nahi dute, eta kuadrilla berrien eraketa bultzatu.
Euskal arropa tradizionalekin jaitsiko dira atzoko, gaurko eta biharko Algortako kuadrillak. Cuatro Caminosetik hasiz Ereagako hondartzaraino, Areatxu eta Txopolis fanfarreek girotuta.
Hondartzara heldutakoan, larraindantza egingo dute, eta horren ondotik, sardina jatea. Jandakoa erretzeko edo, Oxabi erromeriak musika eta doinu euskaldunez bustiko ditu kostaldea.
Oraindik egun piloa geratzen da. Bihar Vendetta eta Bizardunak taldeen kontzertuak erritmo izugarria emango diote Algortari, eta astelehenean tortilla eta txipiroi txapelketa egongo da jaiak modu apartean bukatzeko.