GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Atutxak proba bat ez beste guztietan mendean hartu zuen Rekondo

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxa proba bat ez beste guztietan gailendu zitzaion atzo Jon Rekondori Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioan. Getxon jokatu zuten norgehiagoka, eta ez zen jende askorik batu, ulertzekoa, ordutegia ez baitzen oso ona eta beroak ere jendea atzera bota baitzuen.

Sei proba egin behar zituen aizkolari bakoitzak. Lehenengoan 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren; hortxe berdinduta geratu ziren bi aizkolariak, enborra 40na kolpetan erdibitu baitzuten.

Hortik aurrerako proba guztietan bizkaitarra izan zen nagusi. Bigarren lanean, bakoitzak 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar izan zuen, eta Atutxak 50 segundoan bota zuen enborra; hamar segundo sartu zizkion leitzarrari.

Hirugarrengoan, tamaina bereko enborra zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta hori minutu eta 14 segundoan bota zuen Aitzolek, eta 26 segundoko tartea kendu zion Joni.

Laugarren lanean, 60 ontzakoa etzanda izan zuten aurrez aurre, eta Atutxak 2 minutu eta 44 segundoan amaitu zuen; 3 minutu eta 3 segundoan, berriz, Jon Rekondok. Azken-aurreko lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita izan zuten, eta horiek 2 minutu eta 39 segundoan bota zituen Atutxak, eta 3.09 izan zen nafarraren denbora.

Iraupen proban bakoitzak lau kana-erdiko moztu behar izan zituen; bizkaitarrak 10 minutu eta 27 segundoan amaitu zituen, eta Leitzakoak, berriz, 10 minutu eta 4 segundoan. Lan guztiak 18 minutu eta 34 segundotan burutu zituen Atutxak, eta 21 minutu eta 31 segundoan, Rekondok.

Txingak. Leku eta egun horretan bertan jokatu zen Bizkaiko Txinga Txapelketa ere. 50 kiloko txingak esku banatan hartu eta herrialdeko txapela jantzi zuen Perezek 9 untze, 3/4 eta 5,70 metro egin eta gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo