GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garitanok elkartasuna adierazi die presoen senideei Loiolako ekitaldian

San Inazio omentzeko urtero egiten den ekitaldiaren karietara, atzo hainbat ordezkari politiko bildu ziren Loiolan; Isabel Celaa lehendakariordea, Martin Garitano ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, besteak beste. Basilika atarian Etxerat-eko kideak zeuden, ordezkari instituzionalei euren txostena emateko asmoz zain. Garitanok ere salatu zuen egungo kartzela politika.

p012_f02_180x117.jpg

Aimar ETXEBERRIA | AZPEITIA

Ohiko ekitaldi instituzional izan behar zuena prozesuaren inguruko eztabaidagai bihurtu zen atzo Azpeitian. San Inazio gipuzkoarren patroiaren omenez, hainbat ordezkari instituzional bertaratu ziren Azpeitira. Horien artean zeuden Isabel Celaa, Lakuako Gobernuaren ordezkari moduan; Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; eta Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.

Goiz hasi zuten eguna. 10.10 inguruan hasi ziren Azpeitiko zinegotziak udaletxe kanpora irteten, Celaari ongietorria egiteko gertu. Eurekin batera irten ziren atarira Garitano eta Txarola ere eta bost bat minutu geroago iritsi zen Celaa, musika bandaren atzetik agertu zelarik tronpeta soinu artean.

Herriko alkate Eneko Etxeberria izan agurtzera gerturatu zen lehena eta, horren ondoren, Garitano gerturatu zitzaien. Azpeitiko alkateak oroigarri bat eman zion Celaari eta Txarola gehitu zitzaienean, aurresku bat eskaini zieten herriko dantzariek. Horrelako harrera egin eta gero, zinegotzi guztiak agurtu zituzten banan-banan.

Loiolarako bidea hartu zuten gero. Iritsi bezain pronto, hamarka pertsona zituzten zain «presoak etxera» oihukatzen, Etxerat-ek elkarretaratzea baitzuen deitua ordu horretarako. Basilikara bidean, Etxerat elkarteko bi kide gerturatu zitzaizkien ordezkari instituzionalei, eurek lantzen duten urteroko txostena emateko. Celaak jaso bezain pronto pasa zion txostena bere bizkartzainari.

Tronpeta artean eskailera guztiak igo ondoren, lehendakariordeak mezarako bidea hartu zuen eta beste hirurak bertatik erretiratu ziren.

Mezarako bidea alde batera utzi ostean, ahaldun nagusia prentsako kideengana hurbildu zen adierazpen batzuk egitera. Euskal Herriak bizi duen fase politiko berria izan zuen hizpide hedabideen aurrean, baina ez zuen presoen gaia aipatu gabe utzi. Euskal herritarrek bizi duten «sufrimenduaz» mintzatu zen, bertan bildutako presoen senide eta lagunei erreferentzia eginez.

«Hementxe bertan ikusten ditugu euskal preso politikoen senitartekoak, eta gure iritzian, berehala ezabatu behar da `Parot doktrina', bizi osorako zigorra baita», nabarmendu zuen. Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eskatu zuen, bai eta baldintzapeko askatasunean egon beharko luketenak ere.

Presoen egoeraz hitz egiteaz gain, ilegalizazioaren gaia ere aipatu zuen. Bere esanetan, nahiz eta Euskal Herrian ziklo politiko berri bat bizi, «sektore oso zabal bat ilegalizatuta dago». Ilegalizazio fase hau gainditzeko, denon beharra dagoela uste du Garitanok.

Prentsari adierazpenak egin ostean, presoen senide eta lagunengana hurbildu ziren Garitano eta Etxeberria, bertan elkartuta zeudenen oihu eta txalo artean. Une horretan egin zituzten Etxerateko kideek adierazpenak.

«Berehala amaitu»

Izaskun Abaigarrek hitz egin zuen, euskaraz. Euskal preso politikoek bizi duten egoera izan zuen hizpide. Sakabanaketaren ondorioz izaten diren kalte guztiak azpimarratu nahi izan zituen, senide eta lagunek bidean izaten dituzten istripuak bereziki aipatuz. Bide batez, preso politikoen eskubideak urratuak izaten direla gogorarazi zuen eta merezi duten errespetuarekin tratatzeko eskatu zuen. Larriki gaixo dauden presoak askatzeko eskatu zuen eta «Parot doktrina» berehala ezabatzeko nahia azaldu zuen. «Sufrimendu eta eskubide urraketa hau berehala amaiarazi behar da», adierazi zuen.

Ahaldun nagusiaren eta herriko alkatearen jarrera txalotu zuten Etxeratekoek. Izan ere, atzokoa lehen aldia izan zen atzokoa ordezkari instituzional bat bere elkartasuna adieraztera gerturatzen zitzaiena. Finean, euskal gizartearen sektore zabal batek euren eskaerarekin bat egiten duela aipatu zuten.

Hautsak harrotuta

Garitanoren adierazpenek eta honek Etxerateko kideekin izan zuen jarrerak hautsak harrotu zituen.

Giroa berotzen hasteko, Munillak hainbat adierazpen egin zituen bake prozesuaren inguruan. Gotzainak Loiolako Basilikan elkartu zirenei eskaini zien sermoian, ETA izan zuen hizpide. Berak esan zuenez, benetako bakea ezin da atera kalkulu politiko batzuetatik, «benetako damutik» baizik. Horregatik, itxaropenez hartu omen ditu hainbat euskal preso politikoren adierazpenak, ETAren borroka armatutik aldentzen diren horienak, hain zuzen ere. Gainera, indarkeria praktikatu edota babestu duten katolikoei dei egin zien «jainkoaren bidera» gehitzeko. Afrikako goseaz eta herritarren arteko elkartasunaz ere mintzatu zen.

Celaa sailburuak ere izan zituen ETArentzako hitzak. Azken urteetan bakegintza arloan hainbat pauso eman direla onartu arren, Bilduri dei egin zion ETAren desagertzea «ozen eta garbi» eskatzera. Meza amaitu ostean egin zituen adierazpen hauek Celaak. Normalizazio politikorako bidean egin diren urratsak positibotzat jo zituen, eta atzoko harrera ofizialaren tankerako ekitaldiak goraipatu zituen. Alde horretatik, Lakuako Gobernuak normalizazio politikoa lortzeko ahalegin guztiak egingo dituela iragarri zuen. «Oraindik azken pausoa falta da: ETA desagertzea», aipatu zuen.

«Terrorismo» mota guztiak amaitzeko ere eskatu zuen oporretan den Patxi Lopezen ordezkari gisa ageri zen Celaak, «ea hurrengo urteko saninazioak bakean igarotzen ditugun» esanda. Hori horrela, euskal gizartearen aniztasuna aipatu zuen eta berau errespetatzeko eskatu zion gizarteari. Ezker abertzalearentzat ere izan zituen hitzak. Bere esanetan, ba omen daki zein bide hartu behar duen «demokraziara itzultzeko» eta bide hori jorratzeko «zubi guztiak irekita» dituela baieztatu zuen Celaak.

Estatu espainoleko Gobernuko ordezkari Mikel Cabieces ez zen ekitaldian izan, baina Garitanori erantzun nahi izan zion gero. Gipuzkoako ahaldun nagusia «borreroez» arduratzen dela adierazi zuen eta «benetako biktimak» alde batera uzten dituela salatu zuen. Hori horrela, gipuzkoar guztion diputatu den heinean, hala jokatzeko eskatu zion. Cabiecesen ustetan, «benetan sufritzen» dutenez arduratu behar du ahaldun nagusiak, eta sufrimendu hori sortu dutenak baztertu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo