GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Donostiako Aste Nagusiak 279 jarduera izango ditu astebetean

Donostiako Aste Nagusiak 279 jarduera eskainiko ditu hilaren 13tik hasita 20ra bitartean. Aurtengoak festa «parte hartzaile eta euskaldunak» izango dira eta datorren urtetik aurrera Aste Nagusia antolatzeko herritarrek osatutako batzordea eratuko dela iragarri dute.

p039_f01_152x112.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Hilaren 13an, larunbatean, emango zaio hasiera aurtengo Donostiako Aste Nagusiari ohiko kanoikadarekin. Giroa berotzen joateko, ostiralean patata tortilla txapelketa izango da Garbera merkataritza-gunean 12.00etan eta 22.30ean Euskal Herriko Lur Maitea-Gu Gira kontzertua eskainiko da Trinitate plazan.

Urtero bezala, kanoikada 19.00etan izango da Alderdi Ederren, eta aurten, «Artillero» abestia kantatuko duten gonbidatuak Añorga K. E.ko kadete kategoriako emakumezkoen futbol taldeko kideak izango dira; izan ere, taldea Helsinki Cup txapelketan hirugarren geratu da aurten. Kanoikadaren aurretik, 18.20 inguruan, Los Bebes de la Bulla, Conchita's Band, Los Musaïcos, The Joselontxo's eta Alloa Bowmar Pipe Band taldeek hiriko hainbat tokitatik abiatuta parkerainoko bidea egingo dute kaleak musikaz bustiz. Kanoikadaren ondoren, Oskorri taldeak kontzertua eskainiko du Bulebarrean 19.10ean.

Guztira, 279 jarduera prestatu dituzte zortzi egun horietarako hiriko hainbat auzo eta bazterretan, hala nola Gipuzkoa plazan, Easo plazan, Bulebarrean edota Saguesen, gustu eta adin guztietako jendeari zuzenduak.

Sagueseko kontzertuak, gaueko programazioko jarduera indartsuenetakoak, 23.45ean izango dira, eta aurten Marta Sanchez (hilaren 13an), Berri Txarrak (14an), Muchachito Bombo Infierno (hilaren 15ean), Def Con Dos eta The Billie Jeans (16an), Su Ta Gar (17an), Esne Beltza eta Zea Mays (hilaren 18an), Melendi (19an) eta Celtas Cortos (20ean) ikusteko aukera izango da.

Antolatutako beste jardueren artean, Kursaaleko terrazetan haurrentzako tailerrak izango dira (didgeridooaren ingurukoa, Madagaskarri buruzkoa edo arabiar musika tresnei buruzkoa, besteak beste). Bestetik, toki berean, Galizia, Ekuador, Argentina, Errioxa, Brasil, eta Bretainiako gastronomia dastatzeko aukera izango da zortzi egunetan, 12.00etatik 23.00etara.

Piratek badute tokia

Donostiako Piratek hainbat jarduera egiten dituzte urtero hiriko Alde Zaharreko kaleetan barna, baina, Abordatzea izan ezik, sekula ez dute toki finkorik izan egitasmo horiek gauzatzeko. Aurten, ordea, atzo egin zen aurkezpen ekitaldian Juan Karlos Izagirre alkateak aditzera eman zuenez, toki finkoa izango dute, hiriko portua hain zuzen ere. «Non hobeto portuan baino», azaldu zuen Izagirrek.

Bestetik, ohikoak diren erraldoi, buruhandi eta zezensuzkoez gain, Bulebarreko kioskoan izango diren musika bandak, Konstituzio plazako dantza taldeak, Gipuzkoa plazako antzerkiak eta Loiolako hipodromoan edota Zurriolako hondartzan egingo diren kirol ekitaldiak ere izango dira Donostian festa garaian.

Errespetuzko jaiak

Juan Karlos Izagirre alkateak argi utzi zuen atzo Aste Nagusia parte hartzailea, euskalduna eta errespetuz jokatzeko jaia izango dela; «ez da intolerantziazko imintziorik onartuko, ezta emakumeenganako erasorik ere», azaldu zuen Izagirrek. Hori dela eta, hirugarren urtez, hiriko Udaleko Berdintasun Sailak programa berezi bat egin du taberna eta txosnetan lanean ibiliko direnei horrelako egoera baten aurrean zein pauso eman behar dituzten jakinarazteko. Gainera, neska gazteei zuzendutako autodefentsa ikastaroak ere eman dituzte. Bestetik, hiritarrak kontzientziatu nahian, tabernetan pegatinak eta ahozapi bereziak banatuko dituzte era horretako erasoak ekiditeko.

PARTE HARTZEA

Jai herrikoi eta parte hartzaileak bultzatzeko, Donostiako Udalak batzorde berezi bat eratuko du hilaren 21etik aurrera datozen Aste Nagusiak antolatzeko. Era horretan Donostiako auzoetako eta herrietako jai batzordeek hiritarren ahotsa hartuko dute egitaraua osatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo