GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Eguraldiari traza

Eguna joan eta eguna etorri zerura begira gauzka eguraldi pattalak uda honetan. Eguzkia azkenengoz ikusi genuenetik luzetxo jota geundela, itxaronaldia are nekosoagoa egiten duten estatistikak iritsi zitzaizkigun joan den astean; eta errekorren oihartzunak «kexatzen» jarraitzeko zilegitasuna eta indarra eman digu.

Asteburu honetan laino artetik tartea eginda agertu da eguzkia ahoak ixte aldera-edo. Adituen iragarpenek, ordea, abuztuan zehar ere batzuek nahi baino gutxiagotan bisita egingo digula iragarri dute, eta hortxe etxe bueltan ibiliko direnen larria. Ez egitea txarra, eguzkia atera eta eguna alferrik galtzea okerragoa.

Kostatik kilometro bakan batzuetara bizi garenok eguraldiak batetik bestera egiten duen aldaketarekin eskarmentua hartuta dugu eta estrategia ezberdinak garatu ditugu ur bazterrean egiten duen eguraldiaren berri izateko. Egunotan ditxosozko webcamei begiratzen diegu, ur bazterrean dabilen jendearen bainujantziaren marrazkia ere agertzen duten horiei. Baina haiek unean unekotik ez dira pasatzen, ez dute eguraldiaren traza eta tankera antzeman eta ez diote bati entzun nahi duen hori esaten; pertsonek, bai.

Gogoan daukat, gaztetxoa nintzela kostako eguraldiaren berri izateko lagun artean baliatzen genuen bide zuzen eta fidagarria. Ia hiru hilabete luzeko udako opor haietan, lainope itxi-itxia egonda ere, ez genuen hondartzara joan eta eguzkipean egoteko esperantzarik galdu nahi izaten eta horregatik telefono listina eskuan, behatzarekin zirkunferentzia txikiak eginez «hauxe!» aukeratzen genuen gure «cam» pertsonala. Erreparo handirik gabe egiten genuen dei Donostiara, adeitsu eta zuzen, hori bai, eguraldiaren berri galdetzeko. Batzuk suabeago, besteak gogo txarragoarekin, ez dut gogoratzen noizbait norbaitek telefonoa eskegi ote zigun. Eta egin izan baligu, behatza besterik ez genuen behar hurrengo «informatzailea» aukeratzeko. Telefonoaren bestaldean zegoen pertsonagandik gauza bakar bat espero genuen, «zatozte, argitu egingo du-eta!» esatea, eta uste dut bateren batek atzeman eta apropos ere esan izan zigula, aitzakia hartan txango bat egin genezan. Ez genuen ezagutzen eta itsu-itsuan egiten genion jaramon; hark ez gintuen ezagutzen eta mesedetxoa egiten zigun; bainujantziaren kolorea ez baina zeruarena argitasun osoz deskribatzen zigun, guk nahi erara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo