GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Maltzagara

Dena dela, oraingoan ere kondenatuak gaudela dirudi. Gariren esperantzara kondenatuak. Ilegalizaziorik gabeko eskubide zibil eta politikoen garaira kondenatuak

Garai, aldi edo aro berriak bizi ditugu. Alta, euskaldunen aurka egiteko sortua izan zen Auzitegi Nazionalak ziklo berri bateranzko ibilbidea oztopatu nahi izan du «Bateragune auziarekin». Inoiz argi egon bada, orain argiago ikusi da arazoa politikoa dela eta aterabideak hala beharko duela izan. Beraz, gogo indarrak eraberrituz, Monzonek esango lukeen legez, ibili beharreko bidea dukegu konponbidearena.

Atzeak erakusten du, ordea, nola dantzatu aurrea, eta memoria ariketa azkar bat eginez ohar gaitezke herri honek azken 50 urte hauetan bizi izan duen gatazkak mugarri garrantzitsuak izan dituela. Halere, porrot batetik bestera beti egoten da zer ikasia edo hausnartua, eta abertzaletasunak Xibertan galdu zuen aukera horren berri ematen digu Eduardo Renobales historialariak berriki atera duen liburuan («Xibertako haustura. Ezinezko izan zena»). Monzonen Maltzagaren metafora gauzatu gabe gelditu zen: «Gerokoak geroko utzi. Orain goazen abertzale guztiok batera Maltzagara». Harrezkeroztik, Soraluze, Eibar eta Elgoibarren artean dagoen helmugara ezin iritsita gabiltza.

Xibertatik Aljerrera egin zuen konponbidearen bide-orriak, baina hango eskemak ere, hala esan badaiteke, porrot egin zuen berehala. Ondotik, Lizarra-Garazira jo zuen ibilbideak. Itxaropen gehiegizkoak eta elkarren arteko mesfidantzak bere lanak egin zituen, antza. Maltzaga No man's land baten antzera gelditu zen berriro. Loiola heldu zen gero. Abertzaleen batasunari baino bitariko negoziazio bati lehentasuna emanez. Euskal gatazka politikoa konponbidean jar zezakeen formulazio idatzira iritsi ziren, lehenbiziko aldiz, han bilduak. Horrela dio «Loiolako hegiak» idatzi zuen Imanol Murua kazetariak. Egun, ezker abertzalearen estrategia berriak bide berria ireki du, Gernikako Adieraz- pena eragile anitzen bilgune bilakatu da, Ibarretxek utopia gauzatzeko garaia dela dio, Currin-ek ezin dela prozesu bat sine die luzatu beste aldea inplikatu gabe; EAJri penduluaren garaia agortu zaiola berriz Ollorak, ETA ere prest agertu da bake bidean sakontzeko... Eta, hala ere, déjà vu sentsazioa gainetik kendu ezinda nabil, egoera berri baten zantzuak hor diren arren, euskal politikaren judizializazioak etenik ez duelako.

Dena dela, oraingoan ere kondenatuak gaudela dirudi. Gariren esperantzara kondenatuak. Ilegalizaziorik gabeko eskubide zibil eta politikoen garaira kondenatuak, Maltzaga ez dadin gure inkontziente urratua izan. Metafora izateari utz diezaion. Aldaketarako borondate subjektiboa agerikoa da eta indar metaketak baino ezin alda dezake errealitate objektiboa. Maltzagarekin bakarrik ez dela nahikoa badakit, baina Maltzaga gabe ere nekez lor liteke konponbiderik. Gauzak horrela, 30 urte dira Telesforo Monzon -poetikoki zuzena zen politikoa- hil zela. Haatik, bere goiburuak zein hitzak gaurkotasun osoa dutela esango nuke, hainbeste non gure haurrek ere biharko ikastoletan bere izena ikasiko duten.

Egiteke dugun bidea izan arren, irria ezpainetan dugu.

Maltzaga, hain hurbil eta hain urrun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo