GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sexu erasoek jaien balantzeak zikintzea ezin da inondik inora saihestu ezineko ohitura bihurtu

Beste behin, Euskal Herriko besta batzuen balantzea sexu erasoek ilundu dute. Iruñekoetan gertatu zen bezala, atzo jakinarazi zutenez -eta Baionako fiskal Anne Kayanakisek hala baieztatu zuen-, bi emakumek salaketa jarri dute Baionako bestetan bortxatuak izan direlako. Hirugarren batek ere jarri zuen salaketa arrazoi berberagatik, gero atzera egin bazuen ere. Deitoragarria. Hala ere, horrelako gertaerak deitoratzea ez da aski. Gizarteak ezin du etsi fenomeno horren aurrean, ezin ditu onartu noizbehinka, batez ere herrietako jaietan, gertatzen diren eraso horiek, istripuak edo natur fenomeno saihestezinak balira bezala. Herritarrek, eta erakundeek lehenik, sexu bazterkeriari eta erasoei aurre egitea denon zeregina dela barneratu behar dute, eta giza harremanetan badela zer aldatu, zenbait pentsamoldetatik hasita. Aspergarria da nonbait horrelako erasoak gertatzen diren aldiro salaketaren eta kontzientziazioaren beharraz errepikan hastea, baina askoz aspergarriagoa, «testuingurua» dela-eta, erasoak zuritzen entzutea eta, nolanahi ere, aspergarria ez baina ikaragarria eta onartezina da sexu eraso bakar bat gertatzea, askozaz areago horren maiz gertatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo