GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren determinismoa

Gizaki modernoaren bizitzan determinismoak zizelkatzen du norberaren egituraketa, baina beti gizarteak markatuko dizkion determinismoetan oinarrituta. Azken finean, determinismoaren eragin nagusia gizaki ahul eta ez berea egitea da. Determinismoa ez dator bat nortasun sakon, indartsu, kritiko, hausnartzaile eta norberaren bizitzaren azterketan oinarritzen den bizitzarekin.

Gizarteak eskaintzen digun trebakuntza neuronalaren zeregin mardulena bukatu gabeko identitateak eraikitzea da. Dena etika partikularretan babestua gero etika unibertsal hutsalak egiteko gogoarekin. Kulturaren determinismoaren mailuak sarri erasotzen gaitu, kultura desitxuratuaren kodifikazioa gure neuronen barneraino sarraraziz. Dagoeneko ez gara gu. Sumisio gogorrenean eroriko gara eta nortasun askearen deseraikuntza hasiko da zorrotz lanean. Kultura unibertsalaren agertokian tokian tokiko kultura gutxituak txikituta eta morrontza ikusgarriarekin baino ez dira geratuko. Musikak ere bizi ditu betidanik kodifikazio unibertsalaren ziztadak. Ia mundu osoan, hots, ekialdeko pentsamoldeari dagokion eta menderatzen duen munduan, kantu multzo jakin berbera entzun ahal izango da formula-irratietan, baita euskaldunetan ere. Danimarkako bi neraberekin kotxean eta irratia piztuta egon zen ordubetean kantuen ehuneko hirurogei ezagutu eta abestu zituzten. Toki guztietan antzeko gustuak eragiten ditu industria kultural unibertsalak. Zer nolako diferentzia dago, beraz, orokortzailea zein determinista den kulturaren eta kultura gutxituen artean? Gutxitua gero eta gutxituago geratuko dela. Informazioaren trukaketa bikain datorkio edozein kulturari, baina bere esparruak ongi babestuak dituenean, bestela betikoa: handia den edozerk irentsiko gaitu.