GARA > Idatzia > Kultura

Pastorala | Xiberoa udari begira

Xiberoak nahi du bizi, eta Euskal Herriak bizirik behar du

Urte oroz uda jiten delarik, Xiberoak atsedenaldi handia hartzen du. Bizitza beste kolorez beztitzen da. Ekia agertzen da Bortüen gainean eta Xiberoko mazelak eta bazterrak bizi-zipriztinez bustitzen zaizkigu.

p038_f01.jpg

Joseba AURKENERENA

Berez, Xiberoak ederra izateko ez du udaren beharrik, baina aitortu beharra dago udan bizi-kolorez janzten zaigula. Xiberoa ederra da, zinez, kultura aberatsaren jabe, baina halaber, gogorra, latza, eta gaitza. Xiberotarrentzat bizimodua ez da erraza, eta egunero xerkatu behar dute bizitza, egunero biziraun behar dute amañi eta aitañiek utzitako lurralde zoragarri horretan.

Gazteak gero eta guttiago dira. Artzaintza eta laborantza behera doaz, eta haiekin batera lurralde horretako bizimodu eta gizarte tradizionala. Industriarik ez dago, espartingintza azkenekoetan dago, Mauleko eta Atharratzeko dendak ixten ari dira… ez da, beraz, etorkizun oparoa xiberotarren aiduru dena.

Horretaz gain, euskara eta euskal nortasuna maldan behera doaz. Mintzairaren transmisioa ez dabil ongi. Xiberoko herri gehienetan haur euskaldun bakarrak dira ikastolatik sortzen direnak. Hala ere, xiberotarrak badaki aitzina egiten, eguneroko borroka latz horretatik badaki bere gogoetak egiten eta bide berriak urratzen, eta azken hamarkada hauetan, arrapizte moduko bat sumatzen ari da euskararen eta euskal kulturaren arloan.

Maskaradek eta pastoralek badute zer ikusirik arrapizte horrekin, eta baita ikastolek ere, prefosta! Arlo ekonomikoan ere, bertako mozkinekin loturiko hainbat kooperatiba sortu dira, eta gazteek Xiberoan bizi nahi dute. Hori dela eta, horretan ahalegintzen dira.
Gaztetan, frantses eskolaren erruz euskara galdu duten gazte ugarik euskara berreskuratzeari ekiten diote gero, eta seme-alaba euskaldunak egiten saiatzen dira. Xiberoak ez du aisa, baina, ene ustetan, bere burua altxatuko du.

Udan, ohiko bizitzak bestelako bideak hartzen ditu. Kanpotik etorritako turista paketa mugitzen da alde batetik bestera argazkiak ateratzen, edota Bortüetako bakea bilatzen. Mauleko eta Atharratzeko kafetegiak turistez betetzen dira, kanpinak oihalezko dendez eta roulottez gainezkatzen zaizkigu. Ühaintzandiko erriberetan, begilagun ilunez hornituriko kanpotarrak eguzkia hartzen edota bainatzen ikus daitezke. Zer erran honi buruz? Batzuentzat Xiberoaren gehiegizko turistifikazioa arrunt txarra da, herrialdea postaleko argazki izatera kondenatzen duelakoan, besteentzat gainerako urtaroetan ez daukaten sos-iturri bilakatzen da. Txanponaren bi aldeak hor daudela onartu beharra daukat.

Aurten, ekia nonbait gordeta dagoela dirudi, bai Xiberoan eta baita Euskal Herri osoan ere. Euria barra-barra ari du. Atzo lehortea zetorkigula erraiten zuten eta orain uholdeen arriskuan gaudela dirudi. Hala eta guztiz ere, aurreko urteetan baino guttiago bada ere, gure bazter guztiak turistez bete zaizkigu, eta eguraldiak ohiko ibilaldiak eta bisitaldiak egiteko laguntzen ez duenez, hor dabiltza, eroaren gisa, autoan sarturik, alde batetik bestera, bideak betez eta zirkulazioa oztopatuz. Ez dakite zer egin eta nora joan, baina zerbait egin behar bakantzak bukatu aitzinetik.
Aitzina egiteko besta behar. Gorputza osasuntsu ukaiteko birikak aire goxoz bete behar. Horixe da uda xiberotar aunitzentzat, birikak aire freskoz eta osasuntsuz betetzeko aldia. Xiberoan ere, ekitaldi pilo bat martxan dira jadanik, herrietako bestak, asteroko pilota partidak, euskal dantzen saioak, euskal indarra, ibilaldi gidatuak, musika eta kantu emanaldiak, xiberotar mozkinen salmenta…  Ekitaldi horiek guztiak ez dira bakarrik etxekoentzat eginak, promozio bide izateko pentsatuak direlako, baina haize berriak dakartzate eta bestelako hautuez baliatzeko aukera ematen diete, bai turistei eta baita xiberotarrei ere.

Urtero harrigarri

Pastoralak urtero dira bereziak, berriak, harrigarriak. Xiberoak, ttipia izaki, badaki handia izaten, eta uda orotan, euskal kulturaren hitzordu eta bilgune handiak antolatzen ditu. Pastoralez ari naiz. Urtero dira bereziak, berriak, harrigarriak… hori gauza jakina da, eta kontrakoa erraitea gezurretan aritzea litzateke, baina aurten ere, badu zerbait berri eta zerbait berezi. Berria Johaine Bordaxarren lehen pastorala delako, eta berezia Telesforo Monzon euskal borrokalari handia süjetatzat duelako.

Larraineko herriak jokatuko du agorrilaren 7an, igandearekin, eta agorrilaren 13an, larunbatarekin. Bietan jende paketa itxaro da Larraineko mazeletan. Bordaxar berak aitortu duenez, Monzon 2004. urtean ezagutu zuen. Maule-Lextarre herriak “Antso Handia” pastoral gogoangarria jokatu zuen eta berari egokitu zitzaion Monzonen pertsonaiaz aritzea. Liburuetan begiratzen hasi, eta Monzonek pastoral bat ongi merezi zuela iruditu zitzaion. Pentsatu eta egin.

Sebastien Üthürriaga Larraineko herriko jaunak erran duenez, larraintarrek egunero borrokatu behar dute euren izimodua aitzina ateratzeko, hori dela eta borrokalari handi bat hautatu dute pastoralarendako. Eta aukera ederra egin dutelakoan nago. Larraintarrak jende langileak, alaiak, hitzekoak dira… eta ongi jakinen dute jokatzen gure historian horren garrantzi handikoa izan den pertsonaiaren bizitza.

Gainera, euskaldunok aro esperantzagarri berri batean gaude, bakea eta askatasuna gure ateak noiz zabalduko zain daude, euskal etxean sartzeko.
Horretarako gutxieneko batasuna erdietsi beharko dugu, erdiesten ari gara, jadanik. Eta batasunezko bide horretan profeta eta eredu Monzon ukan genuen. Ez dezagun bere kantu famatua ahantz: «Aupa gizona, jaiki mutil!/ atzar emazte ta neskatil!/ Borrokarako dei eginaz/ irrintzi bat dabil,/ Euskal Herria diagu zai,/ presoak eta hilak ere bai,/ abertzale izanez gero gaur,/ gauden denon anai!».

Euskaldun guztiok, Herri honetaz sinesten dugun guztiok hitzordu ederra daukagu agorrilaren 7an eta 13an Larraineko belardietan. Monzonen pastoralak itzal eta indar emanen dizkigu historiarekin irabaztear dugun aldi berrirako. Geroak erranen.

Ttipitasunean handi

Ene ustez, hauxe da kulturaren aldetik, euskaldunok 2011ko uda honetan ukanen dugun ekitaldirik handiena. Baina Xiberoak, bere ttipitasunean, baditu aurtengo udarako bestelako ekitaldiak. Ikus ditzagun. Agorrilaren lehen astean, eta azken bi hamarkadetan egiten ari den bezala, Xiberoko AEK-k ohiko ikastaldia antolatuko du. Ikastaldi horretan berrogei bat lagunek hartzen dute parte, eta bertara era guztietako jendea hurbiltzen da. Xiberotarrak euren euskalkia berreskuratzera joaten dira, manez aunitz, eta horien artean Hegoaldeko lagun ugari, xiberotarra ezagutzera eta urratsez urrats ikastera eta badira diasporatik etorritako euskaldunak edota atzerritik etorritako euskaltzaleak ere. Biziki ikastaldi interesgarria izaten da, oso irakasle onekin antolatua, eta Xiberoa edota xiberotarrak ezagutzeko aukera handia eskaintzen duena. Matrikula egiteko edota informazioa eskuratzeko AEK-ko edozein bulegotara jo daiteke.

Agorrilaren 12an, ostiralarekin, Herria ikusgarria izanen da Mauleko gazteluan. Bertan Xiberoko Zohardiako dantzariak eta Pier Pol Berzaitz kantaria izanen dira. Agorrilaren 14an, igandearekin, Euskal Kantuaren Jaialdi ospetsua izanen da Garindaineko frontoi estalian. Aukera ezin hobea Xiberoan aste bukaera ahaztezin bat igarotzeko. Ostiralean Mauleko gazteluan, larunbatean Larraineko pastoralean eta igandean Garindaineko kantu jaialdian. Ezin gehiago eskatu.

Uda parentesi bat izanen dela gauza jakina da, baina parentesi horiek guztiz beharrezkoak izaten dira aitzina jarraitu ahal izateko. Xiberoak nahi du bizi, Xiberoak behar du bizi, eta Euskal Herriak Xiberoa bizirik behar du. Bizirauteko borroka horretan denok murgildu beharra daukagu. Xiberotarren nahia eta lana ez dira aski. Udalbiltza bezalako proiektuak berrabiarazi beharko genituzke, euskaldunon arteko elkartasuna baita hil ala biziko borroka honetan irtenbide bakarra. Euskaldunok beti jakin izan dugu aurrera egiten, eta oraingoan ere jakinen dugulakoan nago. Hauxe da Xiberoa maite duen manex baten gogoeta. Biba Xiberoa!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo