GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Goitik behera

Amy Wynehouseren heriotzari buruz irakurtzeak larritu egiten nau, bizitzarekiko sokak zein hauskorrak diren ikusteak; betiko inertzia gelditu eta berriz martxa hartzeko nagia, edo bertigoa, ez dakit. Zerk eragin ote zuen bere heriotza? Denok atera ditugu geure ondorioak, denok irudikatzen dugu kantariaren azken hats mindua: zerk eragin ote zion halako mina? Zer dela eta ez zuen arrakastak, eskuratutako maitasun uholde hark, bere mina pittin bat kamustu? Nolatan ez zuen besteon lilura bizitzeko grina bilakatu? Agertoki gainean irudikatzen dugu, bere ahotsak erotutako jende guztia hari begira, maitasunezko liturgia bitxian, eta ezin dugu ulertu nolatan ez zuen aurrera segitzeko motiborik aurkitu; esan ez badigute ere, jakin badakigu-eta bera izan zela betiko alde egitea deliberatu zuena. Hasi pentsatzen: zergatik merezi du bizitzea? Esan ezazue: sen hutsagatik!, maite ditugunengatik! Esan ezazue nahi duzuena, baina arrazoi berberak daude bizitzeko eta hiltzeko. Geure hiztegian, ordea, hiltzea amore ematea da. Esango dugu aukera bat dela, hautu bat; baina, finean, gure baitan, porrota da. Geuk jaso genuen neskatila (berak hala nahita, seguruen), geuk jaso genituen beste guztiak ere, Jim Morrison, Janis Joplin, Jimy Hendrix... eta geuk jasotako jainkotxoak dira, ia oharkabean, gainera erortzen zaizkigunak. Gero eta altuago, orduan eta mingarriagoa da kolpea. Ze, zer da arrakasta, maitasunaren paradigma bera ez bada? Zergatik sortzen ditugu idoloak, ez bada aurrera segitzeko trikimailu gisa? Harritu al gaitezke, hara gora iritsitakoek, euren bakardade erabatekoaz izututa, amore ematea erabakitzen dutenean? Hemendik azpitik gorako bidea dago, bizitza osoago baten promesa betierekoa, baina, han goitik, zer bide geratzen da, goitik beherakoa ez bada?  

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo