GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Parke berria

Donostiako suhiltzaileak Easotik Intxaurrondora, 78 urteren ondoren

Gaur egingo dute aldaketa Donostiako suhiltzaileek, gaueko txanda daukatenek parke berrian hasiko baitute lanaldia. Hiriburuaren erdialdean 78 urte igaro eta gero, Intxaurrondon egongo dira aurrerantzean. Instalazio hobeak izango dituzte, euren trebakuntza hobetzeko.

p016_f01_149x093.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Iritsi da eguna. Gaur 22.00etako txandan sartzen diren suhiltzaileek lanera joateko bide ezberdina hartu beharko dute. Easo kalea alde batera utzi eta Intxau- rrondon kokatu duten parke berrira joko dute. Horrenbestez, arratsaldeko txanda amaitzen duten langileak, gaurko kasuan 21.00etan amaituko dutenak, izango dira parke «zaharrak» izango dituen azken langileak. Ordurako, obrek eragiten duten zikinkeria guztia garbituta egongo delakoan joango dira lanera suhiltzaileak gune berrira.

Easo kalean kokatutako parkeko instalazioa txiki geratuta, parke berriaren aldeko apustua egin behar izan du Donostiako Udalak. 4.000 metro karratuko instalazioa izango dute orain, eta kanpoaldean beste 3.000 metro karratuko eremu bat.

Suhiltzaileen buruak parke berriari buruzko xehetasunak eman zituen atzo egin zuten agerraldian. Nabarmendu zuenez, suhiltzaileen prestakuntza asko hobetuko da parke berriari esker, eta horrenbestez, euren beharra izanez gero emango duten erantzunaren kalitatean ere sumatuko da hobekuntza.

Era guztietako guneak izango dituzte langileek euren erosotasunez jarduteko. Logelak, sukaldea, behar bezalako gimnasioa, irakurgela... argi dago prestakuntzaren aldetik asko irabazi duela parke berriak. Azken batean, ekuazioa oso erraza da: zenbat eta aukera gehiago izan suhiltzaileek ondo prestatzeko, orduan eta erantzun hobea emango dute edonork beharrizanen bat izango balu.

Easo kaleko parkea

1933. urtean ireki zuten Easo kaleko parkea. Martinez Iturralde eta Mendia enpresari egokitu zitzaion Juan Alday Donostiako arkitekto eta aldi berean suhiltzaileen buru izan zenaren proiektua aurrera eramatea.

78 urte hauetan, 350 pertsona inguru pasa dira parketik eta bakoitzak bere mailan egin du lan. Lanbide ezberdinak izan ditu urteetan zehar: txofer, makinista, korneta, kontramaisua... eta lan hauetako asko eta asko desagertu egin dira urteen poderioz. Bitxikeria moduan aipatu hasierako urteetan lanean zeuden bi langileren bilobak daudela oraingo lan taldean. Urteetan pasa diren kide guztiak omendu nahian, gaur 13.30ean, agur argazki bat aterako dute.

Instituzioen parte hartzea

Proiektu hau aurrera eraman ahal izateko, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundu dute.

Guztira 6.500 milioiko kostua izan du da suhiltzaileen parke berriak. Diru horretatik 4.200 milioi euroko ekarpena egin du Donostiako Udalak, eta gainerako 2.300 milioiak Gipuzkoako Diputazioak jarri ditu.

Oso pozik agertu zen Nekane Burutaran Donostiako zinegotzia komunikabideen aurrean. Haren esanetan, garrantzi handikoa da Udalarentzat puntako teknologia erabiliko duen azpiegitura bat edukitzea hirian. Kexa handienak gune berria hirigunetik kanpo jarri izanaren ondorio izan direla dio, baina beraren iritziz hori ez da arazo izango: «Toki batzuetara heltzen denbora gehiago beharko dugu; beste toki batzuetara iristeko, aldiz, askoz ere gutxiago», nabarmendu zuen.

Diputazioaren izenean ere kontent agertu zen Garbiñe Rekondo. Beraren esanetan, zerikusi handia izan zuen, diruz laguntzeko orduan, parkeak inguruko herrien zerbitzuan laguntzeak.

Usurbil, Hernani, Urnieta, Astigarraga, Lasarte eta Pasaiara ere iritsiko dira Donostiako suhiltzaileak. Ea lan asko egin beharrik ez duten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo