GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan irregulartasunak ez lirateke behargin baten heriotzaren ondorioz agerian geratu behar

Herenegun Donostian lan istripuan zauritu eta atzo hil zen langilea immigrantea zen, langabezia-saria jasotzen zuen, behar egiten ziharduen eraikuntza-lanak ez zuen segurtasun neurririk batere eta lanak hasiko zituztenik ez zuten jakinarazi. Lan istripu guztiak, batez ere ondorioa heriotza denean, mingarriak dira, are mingarriagoak gehienak saihets litezkeela jakinda. Atzokoak, gainera, lan istripuen kausa guztiak biltzen zituen, eta irregulartasun guztiak. Zoritxarrez, atzo Donostian hil zen beharginak jarduten zuen obra ez da salbuespen bat. Jakina da lanpostu askotan ez direla segurtasun neurriak betetzen, jakina ezkutuko ekonomia zabalduta dagoela, eta oso tristea da horrrelako irregulartasunak istripu batek, langile baten heriotzak, agerian jartzea. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak atzo esan zuen oso irmo jokatuko duela horrelako gertaerak berriro izan ez daitezen eta, halaber, Lan Ikuskaritzaren transferentziak duela gutxi jaso zituela, ordura arte alderdi beraren ardura bazen ere. Nolanahi ere, espero izatekoa da horrelako kasuetan eta edozein irregulartasun dagoen guztietan irmo jokatzea, baina beste istripu bat izan arte itxaron gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo