GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txupinazoa festarako soilik erabiltzea adostu dute Gasteizko talde guztiek

Gasteizko alkateak aparteko bilera deitu zuen atzo eguerdian, Bilduk presoen senideak txupinazoa jaurtiko den balkoira gonbidatu dituela iragarri ostean. Ordubeteko bileraren ostean, taldeek aho batez onartu zuten txupinazoa festarako soilik erabiltzeko konpromisoa.

GARA

Gasteizko Udaleko talde guztiek bat egin zuten, atzo eguerdian egindako aparteko bilkuran, Andre Maria Zuriaren festen hasiera iragartzeko Udalak erabiltzen duen balkoia «jai ospakizunetara soilik» mugatzeko akordioarekin. Erabaki horren berri ematen duen oharra Udalean ordezkaritza duten taldeetako bozeramaile guztiek sinatu zuten: PPko Idoia Garmendiak, PSEko Patxi Lazcozek, EAJko Gorka Urtaranek eta Bilduko Itziar Amestoyk.

Hiriburuko alkate Javier Marotok (PP) deitu zuen aparteko bilerara, Gasteizko Bilduk gaur arratsaldeko txupinazora euskal preso politikoen senideak gonbidatu dituela jakinarazi ostean. Presoen senideez gain, Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere Zeledonen jaitsieran izango dira, horiek ere Bilduk gonbidatuta. EAko idazkari orokorra den Pello Urizar, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea eta Iñaki Olalde ezker abertzaleko kidea ere bertan izango direla iragarri zuten atzo. Izan ere, Udalean ordezkaritza duen talde bakoitzak, gonbidapen kopuru bat egiteko aukera izaten du. Udal talde guztiek bat eginez kaleratutako oharrean ere horixe bera azaltzen dute; hain zuzen, balkoira agertzen diren pertsonak instituzioek luzatutako gonbitaren ondorioz bertaratzen direla, edo, bestela, talde politikoek gonbidatuta.

Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak 13.15 aldera hasi zuen atzo aparteko bilkura, eta handik ordubetera plazaratu zuen hartutako erabakia: talde guztiak bat etorri ziren San Miguel eliza aurreko balkoia «festa ospakizunetarako soilik erabiltzearekin». Horretaz gain, gaurko protagonistak Zeledon, «txupineroak» eta Andre Maria Zuriaren plazara inguratuko diren «milaka eta milaka» lagunak baino ez direla izango adostu zuten, baita hala adierazi ere oharrean.

«Komunikabide alternatiboak»

Gaur arratsaldeko seietan jaurtiko den txupinazoa komunikabideetako kazetarien esku egongo da; zehazki, Maria Senderosek botako du. Alde horretatik, Gasteizko Bilduk bere ekarpena egin nahi izan du eta zenbait komunikabide alternatibotako ordezkariak gonbidatu ditu jaiaren hasierako ekitaldira, bertan izango dira, esaterako, Hala Bedi Irratia, eta Geu Gasteiz.

Horiek guztiak izango dira Andre Maria Zuriaren plazan jaien hasieraren lekuko. San Migel dorretik Zeledon jaitsiz, eta jendeak puruak piztu eta cava botilen kortxoa kenduz, sei egunetako festa erraldoia hasiko da, gasteiztarren gozamenerako.

«protagonismoa»

Getxoko PPko bozeramaile Marisa Arruek, Erromo auzoko jaietako egitarauan «presoen iragarki pare bat» agertzen direla eta, horren arduradunaren inguruko «neurriak hartzeko» eskatu dio herriko EAJko alkateari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo