GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bakartxo Ruiz preso baten arreba da, kartzelako bidean istripua jasan duen une honetan ere bai

Presoen senideak iraintzen ahalegindu zen atzo Antonio Basagoiti PPko agintaria. Juxtu ordu berean, hauteskundeetan berak bezala herritar askoren sostengua jasan zuen beste hautetsi bat agertu zen Iruñean, kazetarien aurrean, espetxera bidean jasan duten istripu larri baten berri emateko. Bakartxo Ruizen izena Nafarroako Legebiltzarreko Bilduko zerrendaren bigarren tokian agertu zenean, asko izan ziren «ETAko preso» baten arreba zela nabarmendu zutenak. Ikusteko dago harreman hori oraindik gogoan duten, eta bere aurpegian eta amarenean zauri horiek ikusterakoan, ez anaia preso izateagatik, baizik eta urruti espetxeratuta egoteagatik, indarkeria larria jasan dutela onartzen duten. Hasteko, gertutasun arrazoi argiengatik zer edo zer esan beharko luke Legebiltzarrak, baina kontrakoa gertatuko da: bat-batean «ahaztu» egingo zaie Zigor eta Bakartxo anai-arrebak direla.

Bere kasua ez da bakarra, noski. Ezta larriena ere, hamasei senide hil baitira errepideetan. Baina aurpegia eta begiak jartzen dizkio hain zabala den errealitate gordin horri. Eta ahotsa ere ipini beharko lioke, Ruiz Nafarroako Legebiltzarrean Bilduko eleduna den neurrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo