GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Senideen aurkako jazarpenak bukatu behar du

Euskal preso politikoen senideen elkarteko hainbat kidek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen, hiri honetako jaiak hasi ziren egunean beren egoitzak izandako erasoaren berri emateko, eta, bide batez, Etxeratek azken asteotan pairatu duen jazarpena salatzeko. Izan ere, egoitzan gertatutakoa lapurreta edo bestelako eraso bat izan ote zen argitzeke dagoen honetan, argi dagoena da errepresaliatuen senideen kontrako kanpaina gogorra abiatu dutela Estatu espainoleko hainbat hedabidek eta alderdi politikoetako ordezkarik, eta testuinguru horretan etorri zela Gasteizko gertakaria. Senideek atzo oso argi adierazi zuten oldarraldi, kriminalizazio eta xaxatze ororen gainetik beren lana egiten jarraituko dutela, hots, euskal preso politikoen eskubideak nonahi eta beharrezkoa den bitartean aldarrikatuko dituztela. Zalantzarik ez dago horrela izango dela, euren senideenganako maitasuna eta Euskal Herriaren aldeko konpromisoa neurrigabea baita, baina bide horretan gainontzeko eragile politiko eta sozialen eta gizarte osoaren babesa behar du Etxeratek.

Herri honetara demokrazia eta bakea iristea oztopatu nahi dutenen jomugan daude senideak, eta horregatik herri-babesa sumatu behar dute. Duintasunaren eredu dira eta beraien kontrako jazarpenari, mediatiko, politiko edo beste edozelakori, bukaera eman behar zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo