GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gerra handiaren letra txikia

Ameriketako Estatu Batuen eta horien aliatuen protokolo militarretan lehentasunezko bilakatu dira «berreskuratze» operazioak. Areago Afganistanen, non Txina ez ezik India ere hurbil baitago «eroritako» edozer jasotzeko prest

Eguneko berrien izenburu potoloekin aseegi nengoelako-edo, albisteetako baten letra txikietara joan zitzaizkidan begiak iragan larunbateko itomenean. Izan ere, ez zegoen oso aztia izan beharrik biharamuneko egunkari askok esango zutena aurreikusteko: «Munduko potentzia nagusiak bi masaileko jaso ditu egun berean: ekonomikoa, bere zorraren degradazioarekin, eta militarra, talibanek eraitsi dioten helikopteroaren galerarekin». Egia, noski, baina topikoegia.

Horregatik, agian, Afganistanen talibanek eraitsitako Chinookaren suntsipenean hildakoen zerrendan estatubatuar ko- mando bereziek zeramaten zakurra haiekin zihoazen soldadu afganiarren aurretik zetorrela ikusteak emandako ziztada gozatu zidan aginte aliatuak egindako adierazpen ofizialaren azken esaldiak: «recovery operations are underway». Beharko saiatu berreskuratzen, esan nuen neure artean.

Egungo gerlari inperialen jargoi berezian trebatuxe ez dagoenak, hori irakurritakoan, pentsa baitzezakeen delako «berreskuratze operazioen» xedea erasoan hildako 34 kideen gorpuak jaso eta duintasunez ehorzteko eramatea izango zela. Baina ez. Horrek, nola edo hala, eginda egon behar zuen jada, jasandako bajen aitorpenaren zehaztasunak erakusten zuenez. «Berreskuratze operazioek» bestelako esanahia dute: nork bere hondakin militarrak jaso eta eramatea. Txatarra bilketa. Eta ez pentsa ekologia edota etsaiari armarik ez oparitze kontua denik.

Munduko armada teknifikatuenen guda-leku nagusia bilakatu den Afganistanen ezin baita arma-hondakinik utzi, batez ere hegazkinak tarteko direnean. «Zabor» horretan geratuko liratekeelako urte asko eta milaka milioi xahututa garatu diren asmakizunak, oso-osorik batzuetan edota behintzat «ingeniaritza inbertsoa» pairatzeko moduan. 1999an serbiarrek eraitsitako hegazkin estatubatuarren hondakinek Txinan amaitu zutela jakin zenetik, Ameriketako Estatu Batuen eta horien aliatuen protokolo militarretan lehentasunezko bilakatu bide dira «berreskuratze» operazio horiek. Areago Afganistango kasuan, non Txina ez ezik India ere hurbil baitago, «eroritako» edozer jasotzeko prest. Izango ez dira ba garestiak gerrak, gero!

Wardaken talibanek botatako helikoptero erraldoiaren hondarrak berreskuratzeko, bestalde, apustu, bazela beste zio mardul bat: zerk eraitsi zuen argitzea. Ez baita inondik inora ere berdina (hildakoentzat salbu) RPG jaurtigailuren baten granadak edo Anza misil batek eraitsi izatea. Lehena balitz, zorte txarraren juzgu egin eta argiago ibiltzeko aginduak ematea aski lukete estatubatuarrek. Bigarrena balitz... Pakistango ISIko buruzagien aita-amak laidoztatzea baino asko gehiago ezingo lukete egin. Gogoan izango dutelako duela 25 urte, Cyclone operazioaren barnean, sobietar okupatzaileei aurre egiteko afganiar matxinatu bertsuei ehunka Stinger misil jaurtigailu oparitu zizkietenean zer gertatu zen.

Kezka bat geratu zait, hala ere: zakur gajoaren gorpuzkina ere berreskuratu eta duintasun pitin batez ehortzi ote dute?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo