GARA > Idatzia > Kultura

Beti berdinak eta desberdinak diren ametsetako paisaiak

Javier Valverderen atzera begirakoan hasieratik bukaerara ageri dira adarrak kanpora eta sustraiak barrura hazten. 30 urte igaro arren, badirudi paisaia bera dela. Baina beti da desberdina, naturaren aldaketak gure begientzat mantsoegiak badira ere, gu aldatzen garelako. Umorez eta «malaletxez», errealitatez eta ametsez astintzen du pintzela artista honek.

p036_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Zer da egia?/ Non da gezurra eta egiaren arteko hegia?/ Noiz hasten da kanporantz baino/ barrurantz gehiago ikusten begia?», dio erakusketari buruzko Anariren idatziak.

«Zuhaitz bakan bat. Idorrekoa./ Barrurantz hazten da./ Haizea ez da ikusten/ edo bai/ hostoak mugitzen ikustean,/ haizea ikusten da./ Paisaia ez da aldatzen,/ norbera aldatzen da».

Musikari azkoitiarrak azaltzen duenez, pertsonak ez du perspektibarik aski naturari begiratzeko. «Norberaren bizi oso bat ez da une bat baino aurrean duen mendiaren denboraren kontra».

Halako gogoetetara eramaten gaituzte abuztuaren 27ra arte Koldo Mitxelenako Ganbaran ikusgai dauden koadroek. Javier Valverde margolariak eta Isabel Sagues komisarioak lagunduta egin dugu atzera begirako erakusketa honetara bisita, eta ganbarara goititu baino lehenago, beheko solairuan, instalazio bitxi batekin egin dugu topo: landareak, txoriak, erreka, belarra... «Benetakoak dirudite, oso ondo imitatuta daude, baina dena gezurra da, plastikozkoa. Ondo behatu behar da konturatzeko», adierazi du egileak.

Segidan kukurruku bat aditu dugu, gero ere tarteka errepikatuko dena. Umore pixka bat sartu du, koadro guztietan bezala. Lehenbiziko begiratuan serioak eta lasaiak dirudite; denetan gertatzen da zerbait, ordea.

Oiartzunen bizi den margolari hau artista giroan hazia da. Aita margolaria zen, arreba Rosa ere bai, eta sortzaile ugari izan zituen lagun: Ameztoy, Zuriarrain edo LLanos gazteak, eta aitaren adiskideak, Oteiza, Chillida, Gal... Beharbada inguru honengatik, Edorta Kortadi arte adituak dioen bezala, txikitatik, «margotzea, paperak zikintzea eta haien gainean kaligrafia txikiak marraztea gauza natural eta sinplea izan zen, arnastea, mendian ibiltzea edo naturari begira egotea bezala».

Javier Valverde (Donostia, 1956) 70eko hamarkadaren bukaeran hasi zen pintatzen, eta 1979rako Gipuzkoako artista hasiberrien saria irabazi zuen. Koldo Mitxelenako ganbara honetan, 1981ean hasi eta orain arte margotutako koadroak bildu eta kronologikoki ordenatu dituzte.

Zalantzetatik patxadara

Isabel Sagues komisario eta ilobak azaldu digunez, eboluzioa nabari da. Adibidez, hasieran urdinak eta berdeak agertzen dira gehiago; gero, 90eko hamarkadan aldatu egiten du paleta eta gorriak, kolore lehorragoak agertzen dira.

Hagitz gustuko du Bardeetara joatea eta bertako paisaia mortuak islatzen dira bere pintzelkadetan. «Kolorea oso inportantea da bere obran, eta oraingoak askoz ere landuagoak direla sumatzen da. 30 urtetan egindako koadroak dira eta denbora horretan pertsonak izandako garapena ere erakusten dute pixka bat. Hasieran beti ibili ohi gara zalantzekin, `kontuz!' esanez geure buruari. Oraingoak patxada handiagoarekin eginak daude, beste heldutasun bat dute».

Erakusketako 25 olioetan bisitariak Ernio ezagutuko du, eta Aizkorri, eta nola ez, margotuz bizitzea erabaki zuenean aterpetzat hartu zuen Oiartzun. Lehenbizi Ayalde familiako etxean bizi izan zen; geroago, Maimotz baserrian, mendi gainean; orain beherago, baina Aiako Harriei begira. Sarri agertzen da mendi hau bere obretan.

Hasieran gizakiak ere margotzen zituen: segalaria, buru karratudun pertsona... Baina geroztik ez zaio atera pertsonak irudikatzea, berak ere ez daki arrazoia. «Ez da gizakiarekin haserre nagoelako, justu kontrakoa», argitu du. Paisaiak dira bere gaia, naturarekiko eta lurrarekiko maitasuna.

Margo batzuek gizakiok naturarekin zer egiten ari garen oroitarazten digute, mendi polit baten gainean antena bat ikustean, edo parke eolikoak paisaia zoragarrien erdian. Batean «Euskal Y»-a agertzen da txistu eta danbolinarekin, hausnarketa bat eragiteko jendeari eta «hainbat astakeriaz» pentsarazteko. «Koadro guztiek dute bere malaletxea eta ironia».

Begientzako jokoak

Errealismo magiko eta amestua deitzen dio Kortadik Valverderen pinturari, eta gauza batez ohartarazten du: «Margolari batek nekez pinta dezake Javier Valverdek pintatzen duen bezalako ametsezko paisaia bat ez baldin bada Oiartzunen bizi eta hazi izan, muinotxo berdez, zuhaitzez eta zokogune eta behe-ibarren artean kantari dabiltzan errekastoez inguratuta».

Valverdek gaineratu duenez, hainbat plano sartzen ditu koadroetan, joko bat eginez begientzat, gauza ezinezkoak ahalbidetuz, eta lehen aipatu dugun umore puntuarekin segituz.

«Margotzen hasi eta gauzak ateratzen joaten dira. Gehienetan inprobisatu egiten dut. Lehengo egunean koadro batekin hasi nintzen eta brotxa handi batekin dena zikindu nuen. Hiru-lau plano egin nituen», kontatu digu. Etxeko estudio txikian egiten du lan, barrenean baina ia kanpoan egonen balitz bezala, atea zabaldu eta bista ederrak baititu. Koadroak izugarri lantzen ditu.

Katalogoa egiteko obrak biltzen aritu dira, eta 223 koadro aurkitu dituzte, jendearen eskuetan zeudenak. «Galdezka ibili gara eta erakusketarako uzteko eskatu diogu jendeari, garai guztiak ordezkatzeko. Pozik utzi dizkigute», agertu du Saguesek.

Ezuste ederrak hartu ditu margolariak aspaldi ikusi gabeko koadroekin berriro topo egin duenean. «Hogei urtez ikusi gabeko lanak aurkitzea zoragarria izan da. Batzuetaz ez nintzen oroitu ere egiten, egin eta berehala atera zirelako estudiotik».

Bere koadroen %70 baino gehiago jendearen eskuetan dago, eta anitz ezezagunak dira, sekula erakutsi gabeak. Horregatik, horiek ezagutarazi nahi dituzte. Koadroez gain, koadernoak, arkatzez egindako marrazkiak, lagunei oparitutako kaxak, Antton anaiaren diskorako egindako azala, Izurako erakusketako kartela eta bitxikeria gehiago ikusiko ditu bisitariak.

MENDIKO SENTSAZIOA

Mendian dabilela, sentsazio bitxi bat sentitzen du margolariak. «Baina hori nire koadro batean dago!», erraten dio bere buruari sarri. «Nola ez da egongo? Zazpi mila aldiz igaro naiz-eta hemendik!».

GEHIEN MIRETSITAKOA

Edorta Kortadi adituaren arabera, artista honek astiro eta koherentziaz margotzen segitzen du gehien atsegin eta miresten duena: mendien tolesdurak, koniferoak eta zuhaitz enborrak, pilotalekuak, hodeiak...

EZUSTE EDERRAK

Katalogoa egiteko obrak biltzen aritu dira eta 223 aurkitu dituzte, jendearen eskuetan zeudenak. Egileak ezuste politak hartu ditu, lan batzuk segidan atera zirelako estudiotik eta ez zelako horietaz oroitu ere egiten.

LAN EGITEKO MODUA

«Margotzen hasi eta gauzak ateratzen joaten dira. Gehienetan inprobisatu egiten dut. Lehengo egunean koadro batekin hasi eta brotxa handi batekin dena zikindu nuen. Hiru-lau plano egin nituen».

Fitxa

Lekua: Koldo Mitxelenako Ganbara aretoa.

Data eta ordua: Abuztuaren 27ra arte. Asteartetik larunbatera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo