GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Munduko gazte kristauen topaketak

Konplexuak bazterrean utzita, «I love Papa» euskal kaleetan

Bitxia, baina benetakoa. Hurrengo egunetan milaka gazte kristau izango ditugu Euskal Herrian, Madrilen egitekoak diren Munduko Gaztediaren Topaketen harira. Gipuzkoan, esaterako, 6.000 bisitari espero dituzte. «Konplexuak» astintzeko datozela esan du Munilla apezpikuak.

p015_f01.jpg

Madrilen egitekotan diren Munduko Gazte Topaketak gerturatzen ari dira eta hori nabari da gure inguruan ere. Herrialde ugaritako banderatxoak ari gara ikusten gazte kristauen eskuetan, «I love Papa» bezalako esloganez lagunduta. Topaketen aurrekari bezala, abuztuaren 11tik 15era bitartean, elizbarrutien egunak ospatuko dituzte. Hego Euskal Herrian, Gipuzkoa izango da erromes gehien bilduko dituen herrialdea, Nafarroak eta Bizkaiak jarraitzen diotelarik, hurrenez hurren. Topaketak Madrilen izango dira hilaren 16tik 21era bitartean, eta Aita Santua bera ere bertaratuko dela iragarri dute.

Gipuzkoara, esaterako, 6.000 gazte inguru etorriko direla pentsatzen dute bertako elizbarrutiko kideek. Herrialde askotatik etorriko dira, baina Txile eta Italia nabarmendu behar dira guztien artean. Bergara, Azpeitia, Zumaia, Irun, Hondarribia... eta beste hainbat herrik hartuko dituzte erromesak euren kiroldegi, eskola eta parrokietan. Gune horietaz gain, herritarrei ere dei egin diete euren etxeetan erromesak har ditzaten, eta arduradunen esanetan, «oso harrera ona» izan du ekimenak.

Guztira 145 familia inguruk onartu omen dute erromesak jasotzea, eta hala, 455 erromes inguru jasoko dituzte. Madrilen, aldiz, milioi eta erdi gazte hartuko dituztela uste dute. Nahiz eta abuztuaren 3an 415.000 gazte egon izena emanda, zifra horiek hirukoiztu edo laukoiztu egingo dituztela uste dute.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren iritziz, aukera paregabea izango da Donostiarentzat herrialde ezberdinetako hainbeste gazte hirian izatea, eta 2016. urterako Europako Kultur Hiriburu izateko bidean Donostiaren oihartzuna lau haizetara zabaltzeko aukera emango du. Horrez gain, Euskal Herriko gazte kristauek euren «konplexu eta presio guztiak uxatzeko aukera» izango dutela ere aipatu zuen, eurek bezala pentsatzen duten gazteekin bilduta, eroso batean ibiliko direla uste baitu Munillak. Etortzen diren erromesak «esku zabalik» hartzeko eskatu zuen Munillak, eurengandik ikasteko aukera paregabea dugula nabarmenduz

Gainera, Nafarroan Opus Deik duen Unibertsitateko 23 ikasle eta zortzi irakasle izango dira irrati ofizialaren buruak. Radio Mariak utzitako frekuentzia bat erabiliko dute Madrilen gertatzen dena zabaltzeko.

«Ez zarete ongi etorriak»

Aurkako mugimendua ere bada, noski. Esaterako, Iruñean Lumatza elkarteak «Ez zarete ongi etorriak» leloa duen kanpaina abiatu du. Bihartik abuztuaren 15era bitartean hainbat gazte kristau bilduko direla eta, balkoi, leiho, erakusleiho, motxiletan eta abar topaketon aurkako kartelak jartzeko proposatu du. «Euren pribilegioak akabatu ditzagun, gora gu eta gure gorputzak», esaldi horrek laburbiltzen du euren prentsa oharra.

Horiek horrela, agintariak ere urduritzen hasiak dira. Regina Plañiol Espainiako Gobernuko ordezkariak Madrilgo Gobernuko ordezkari den Maria Dolores Carrion-i eskatu dio Sol plaza topalekutzat duen M-15 mugimenduko kideak une oro zaintzapean edukitzeko, Plañiol-ek dioenez, horien helburu bakarra mundu mailako topaketa hauek «lehertzea» baita. Joan den astean Sol plaza hustu izana horregatik gertatu zela salatu zuten gazte «suminduek».

Aimar ETXEBERRIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo