GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egoera ekonomiko eta sozial larrian ere, botere (eta gastu) militarra da Israelen lehentasuna

Azken egunotan Israelgo Estatuan zabaldu diren protesta masiboek hango egoera ekonomiko eta sozial larriaren zantzu nabarmena dira. Kolonoek protesta horiek lurralde okupatuetan eraikuntza gehiago eskatzeko erabiltzea onartezina da. Hala ere, Gobernuaren jarrera ez da onargarriagoa. Eli Yishai Barne ministro israeldarrak onartu zuenez, Betleemetik hurbil dagoen Har Homa-n 930 etxe eraikitzeko baimena haserretuen protestekin lotu zuen, etxebizitza behar handiari aurre egiteko neurri gisa. Atzo, berriz, ekialdeko Jerusalemen beste 4.300 etxebizitza eraikitzeko baimena iragarri zuen. Baina areago doa Gobernuaren jarrera deitoragarria eta kolonizazioarekin batera Estatu sionistaren zutabe den izaera militarra lehenesteko asmoa iragarri berri du. Izan ere, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak ziurtatu zuen bere Gobernuak gastu militarrari eutsi egingo diola, egoera ekonomiko eta sozial larria gorabehera. Bitxia da Netanyahuk «herrialdearen defentsagatik» agertu zuen kezka handi hori, bertako herritarrek beren oinarrizko beharrak gero eta arrisku handiagoan dituztenean. Botere militarra eta kolonizazioa, ordea, ukiezinak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo