Herritarrekin «aurreneko kontaktua» baino ez duela izan esan du Donostiako Udalak
Herritarren eta Udalaren artean burututako hiru batzarren balorazioa plazaratu zuen Axier Jaka zinegotziak eta etorkizunean bide berari eutsiko diotela azaldu, udaletxeko ateak «zabalik» daudela gogorarazita.
GARA | DONOSTIA
Herenegun herritarren eta Udalaren arteko hirugarren batzarra egin ostean, Donostiako Informazio, Partaidetza eta Ingurumen zinegotzi Axier Jakak Udalak burututako hiru batzar ofizialen inguruko gogoeta egiteko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo. Jakak azaldu zuenez, bilera horien helburua hiritarrei eta elkarteei «udaletxeko ateak zabalik» daudela erakustea izan da. Era berean, «aurreneko kontaktu bat» baino ez dela izan eta Bilduren asmoa elkarte nahiz hiritarrekin «Udalaren erabilera gauzatuko duen prozesu parte hartzailea» bultzatzea dela azaldu zuen.
1.000 elkarte inguru gonbidatu eta batzarretara 600 inguru agertu direla azaldu zuen Jakak. Zentzu horretan, hiru bilera egin ostean, Ingurumen zinegotziaren hitzetan, batetik, eragileen eta Udalaren arteko harremanak sendotu beharra dagoela ondorioztatu dute, eta, bigarrenik, udaletxeko «ateak ireki» eta Donostia herritarren kexak aintzat hartuta eraiki behar dela, lan dinamika bateratua berreginez.
Ingurumen zinegotziak, Donostiako Udalarentzat «pertsonengan inbertitzea lehentasuna» dela aldarrikatu zuen, eta hori da, hain justu, parte hartze prozesuen bidez «indartu» nahi dutena. Bide horretan, «behar beste baliabide, bai giza baliabideak bai teknikoak» jarriko dituztela ere azaldu zuen. Horien berri, halere, eratzen doazen heinean emango dutela argitu zuen.
Covitek, agertu nahi ez
Kirol, ingurumen, lankidetza eta giza eskubideen arloko ordezkariak gerturatu ziren udaletxera asteazkenean. Gonbita jaso arren, Covite terrorismoaren biktimen elkarteak ez agertzea erabaki zuen, eta, horren harira, Jakak erabakia errespetatzen duela eta etorkizunean lankidetzan aritzeko Udalak «eskuak zabalik» dituela berretsi zuen.
Elkarteak Juan Karlos Izagirre alkateari bidalitako gutunari dagokionez, Jakak baieztatu zuen bazekiela iritsia zela, baina ez zuela edukia zehazki ezagutzen. Aldi berean, Bilduko udal gobernuak Coviteri erantzun «ofiziala» emango diola jakinarazi zuen. Hala ere, gai honen inguruko polemikarik ez dutela nahi argitu zuen.
Covitek batzarrari muzin egin izana argudiatzeko, «irudi garbitze» hutsa direla eta ez dakitela «biktimak borreroaren etxean» zer egin dezaketen esan zuen.
Agerraldi berean, PPri eta PSEri «oposizio suntsitzailea» egitea leporatu zien Axier Jaka zinegotziak. Udaletxean zintzilikatuta dagoen bandera espainolaren gaineko polemikaren harira etorri zen erantzuna, eta «edozein gertaera» Bilduren aurka egiteko erabiltzen dutela iritzi zion Jakak.