Euskal Herrira etorritako gazte kristauei ez direla ongi etorriak jakinarazi diete talde feministek
GARA | DONOSTIA
Zeresan handia ematen ari da egunotan mundu osoko milaka gazte katolikoren bisita. Azken helmuga Madril izango dute gazte katolikoek, datorren asteartean Benedikto XVI. aita santuari harrera egingo baitiote.
Bisita horren karietara, Euskal Herriko talde feministek gazteei ongi etorriak ez direla argi utzi nahi izan diete. Atzo bertan, Bilgune Feministak eta gay eta lesbiana taldeek elkarretaratzea egin zuten Donostiako epaitegi aurrean. «Ez zarete ongi etorriak. Eliza gure herri eta gorputzetatik kanpora!» lelopean egin zuten protesta.
Medeak elkarteko kide Ana Txurrukak bisita horiek instituzio publikoek finantzatuta egotea onartezina dela adierazi zuen, eta politikarien jarrera ere salatu zuen; talde feministen ustetan, Eliza katolikoa delako «emakumeen eskubideen zapaltzaile nagusia».
Iruñean ere astelehenera arte izango gazte katolikoak. Lumatza taldeak, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez «Ez zarete ongi etorriak» dioten kartelak zabaldu ditu herritarren artean, horiek balkoi, leiho, erakusleiho, motxila, bizikletetan... jartzeko deia eginez.
Arakan ostatu hartuta
Bestalde, 400 bat gazte katoliko Gasteizko Araka kuartel militarrean hartu dute ostatu, astelehenera arte, eta horietatik 250 inguru Madrilera joango dira datorren astean.
400 gazte horiek 24 herrialdetakoak dira, eta euren artean badira katolikoak, protestanteak zein ortodoxoak. Arabako berrogei bat boluntario eta munduan barrenako beste hainbaten zaintzapean daude.