GARA > Idatzia > Kultura

«Texas Killing Fields»-ek irekiko du zinema beltzaren zikloa

Donostiako Zinemaldiak hogei urteotan Ameriketako Estatu Batuetan egin den zinema beltzeko berrogei bat obra esanguratsu erakutsiko ditu American Way of Death atzera begirakoan. Luxuzko bi gonbidatuk aurkeztuko dute zikloa, Walter Hill eta James Gray zinemagileek.

p043_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Pixkanaka-pixkanaka ari dira 59. Donostiako Zinemaldiak gordetzen dituen sekretuak argitzen, eta atzo ere jakinarazi zituzten pelikula eta artista batzuen izenak. Adibidez, «Texas Killing Fields» filmak emango dio hasiera Ameriketako zinema beltzari eskainitako zikloari.

Ami Canaan Mann-en thriller sutsu bat da, Texaseko urtegietan ikertzen dabiltzan bi poliziakideren istorioa kontatzen duena. Kostaldeko lautada zingiratsu batean hainbat hilketa gertatu dira, eta horiek argitzen saiatuko dira. Sam Worthington, Jeffrey Dean Morgan, Chloe Grace Moretz, Jessica Chastain, Annabeth Gish eta Sheryl Lee dira Veneziako jaialdiko sail ofizialean lehiatuko den obra honetako antzezleak.

Zuzendaria, berriz, Michael Mann zuzendariaren alaba da. Telesail ugaritan gidoilari eta zuzendari lanak egina; «NYPD Blue», «Robbery Homicide Division» edota «Friday Night Lights» sailetan, esate baterako. «Morning» film luzearekin egin zuen jauzi pantaila handira 2001ean, eta Rhode Island eta Houstoneko zinema jaialdietan saritu zuten.

«American Way of Death: 1990-2010 bitarteko Amerikako zinema beltza» zikloak genero honen barrenean hogei urteotan sortutako berrogei bat film entzutetsu biltzen ditu, Hollywoodeko ekoizpenak eta zinema independenteko proposamenak ere bai.

David Fincher, Clint Eastwood, Joel Coen, Michael Mann, Quentin Tarantino, John Dahl, Abel Ferrara eta Jonathan Demme dira zuzendarien zerrendan agertzen diren izen batzuk.

Aurkezpen lanak egiteko luxuzko bi gonbidatuko ekarriko dituztela ere jakinarazi zuten: Walter Hill eta James Gray zinemagileak etorriko dira (bien lanak daude bilduta atzera begirakoan). Hill (Long Beach, 1942) Amerikako akziozko zinemagintzako zuzendari handietako bat da. Besteak beste, «Hard Times», «Driver», «The Warriors», «The Long Raiders» eta «Southern Comfort» egin ditu. Azken hori Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen.

Oraingoan, «Last Man Standing», bere 1996ko pelikula, emango dute Zinemaldian, «Bruce Willis eta Christopher Walken protagonista dituena.

«Little Odessa»

James Gray (New York, 1969) zuzendariaren lehenbiziko lana, «Little Odessa», ere ikusten ahalko da atzera begirakoan; Veneziako eta Deauvilleko zinema jaialdietan saritu zuten obra. Grayk genero honetako bertze makina bat film ere egin ditu gerora, «The Yards» eta «We Own the Night», adibidez. «Two Lovers» 2008ko sorkuntza lana izan da azkena.

AEBetako zinema beltzaren zikloa osatzeko liburu bat ere kaleratuko dute, Roberto Cuetok eta Antonio Santamariak koordinatua. Bertan, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Jordi Costa, Desiree de Fez, Jara Fernandez, Chris Fujiwara, Novotny Lawrence, Jesus Palacios, Alain Silver eta James Ursini adituen artikuluak irakurtzen ahalko dira.

Euskadiko Filmategiarekin eta Valentziako Gobernuaren Filmotekarekin lankidetzan eta TCMren babesean antolatutako ziklo honetan emango dituzten beste lan ugariren izenak ere ezagunak dira jada: «Goodfellas», Martin Scorseserena, edo «King of New York», Abel Ferrararena, batzuk aipatzeagatik.

Scorsesek ez ditu oso gustuko idealizatutako ikuspegiak, eta mafiaren mundua nekez ikusitako errealismoz eta sinesgarritasunez kontatzen du. Protagonistak, Henry Hillek, txikitatik gangsterra izan nahi zuen, eta auzoko tiporik gogorrenentzat lanean hasita lortu zuen. «King of New York», aldiz, Christopher Walken aktorearen ibilbide osoko lanik bikainenetakoa da. Droga trafikatzailearena egiten du, beti lehiakide guztiak deuseztatzeko prest, merezi ez duen inor ez duela akabatzen sinetsita.

THRILLER SUTSUA

«Texas Killing Fields» thriller sutsua da, Texaseko urtegietan ikertzen dabiltzan bi poliziakideren gorabeherak kontatzen dituena. Ami Canaan Mann-ena da lana eta Veneziako jaialdian lehiatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo