GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

DEIA Rikardo Arregi 2011/8/10

Proxeneta

Basagoitiren itxura duen norbait ikusi dut telebistan; Basagoitiren itxura duenak proxeneta deitu dio Martin Garitanori. Ez dakit albistegia ikusten ari naizen edo Vaya Semanitako imitazio horietako bat. Bat-batean konturatu naiz Basagoitiren itxura duen hori Basagoiti bera dela, ez imita-tzaile bat. Basagoitiren itxura duen Basagoitik hitz egiten segi-tzen du: zeintzuk diren onak eta zeintzuk gaiztoak azaltzen ari da orain, ez da cowboy film bati buruz hitz egiten ari, euskal politikaz ari da.

(...) Antzerkian ez bada, irrati edo telebistako solaskide lanetan edo egunkaritako zutabegintzan ere lan bikaina egingo zuen, zeren guk, tertuliano eta zutabegileok, iraintzeko eskubide gehiago dugula ematen baitu. Eskubide gehiago dugu, oro har: ezjakintasunaren eskubidea, adibidez, demagogo izatekoa, konparazio absurduak egitekoa. Baina politiko bati, nik behintzat (zaharrunoa izango naiz agian), seriotasun moduko bat eskatzen diot, batez ere argudioak azaldu eta arrazoiak emateko orduan. Askotan esan da politikoek jendearengandik oso urrun dagoen hizkera iluna erabiltzen dutela, baina horrek ez du esan nahi sinplekerietara jo behar dutenik, tarteko bide asko dago.

Basagoitik arrazoi sendoak izango ditu, ziur aski, bere pentsamoldetik Garitanoren politikari edo pentsamoldeari aurre egiteko, edo Garitanorekin eztabaidatzeko. Ez da asko behar: Garitanok egin zituen adierazpen horiek, biktima batzuekiko elkartasuna adierazteko garaiei buruzkoa, adibidez, niri ere kritikagarriak iruditu zitzaizkidan. Baina kritika proxeneta eta gaizto deitzea baldin bada, alferrikakoa da. Txarrena da tankera horretako hizkera sinplea askok eta askok txalotuko dutela; demagogiek neuronek baino gehiago saltzen dute, tamalez, eta oraintxe hementxe neurona gehiago da behar duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo