Kepa Alberdi Egaña «Maxixatzen», Azkoitiko herri aldizkariko kolaboratzailea
Ondoan behar ditugu
Gure herriaren nortasuna eta izatea defendatzen gerra asko galdu dugu, baina gizatasuna inoiz ez
Eguzkia bere ibilera geldian ezkutatzen doa zeruertzean. Itsasargia gogoz ñirñirka hasi da gaurkoan, bestelako keinuaz, egunsentiaren itxaropena iragarri nahian edo.
Denbora aurrera doa eta bakea iragarriz ostarte txiki bat ageri da laino beltzen artean. Ezezkoan tematuta urte asko igaro dugu, baina eman da lehenengo urratsa. Alde batekoak, ezinbestekoa zen aurrerapausoa ematera ausartu dira. Aurpegia eman dute eta zaplastakoak hartzeko prest daude. Gabriel Arestik zioen, guztiak matrail berean hartzen ohituta gaudela, beste matraila ipintzeko astirik ere ematen ez digutenez. Baina berdin dio, bakean inbertitu beharra dago etorkizuna gurea izango bada. Era berean, bakeak aldaketak eskatzen ditu eta demokraziara jolasten duten «bakezale» asko ikaran jarri dira mintzamolde berriak asmatzen hasi direlarik, betikoa egiten jarraitzeko. Ez al gara konturatzen bakeak denok egiten gaituela irabazle?
Itsutasunak eta mututasunak alde batera utzita heldu da ordua sufritzen duen orori gertutasun sentipena adieraztekoa. Etsipenaren zorigaitza tarteko, aspaldidanik herri honetan koloreanitzeko hilarri asko marraskatu izan da atzazalez. Baina batzuentzat biktima batzuk besteak baino biktimagoak dira zorigaitzak etxe askotako ateak jo dituen arren, hauen artean, era bortitzean, gaur egun preso dauden gizon eta emakumeenak, hauetariko askoren erru bakarra kontzientzia abertzalea izan eta era baketsuan militatzea izan delarik. Hemen azkar atera izan da betidanik kartzelarako pasaportea, euskalduna izatearen arriskuetako bat hori baita, Marc Legassek zioen bezala, eta horretarako sistema judizialak tresneria ezin hobea du.
Etxea hankaz gora jarri, bizirik egotea amesgaiztoa bihurtu arte torturatu, autoinkulpazioa lortu eta unean komeni dena leporatu, azkenik kartzelan sartzeko. Lau hormak besarkatuta, guztiz mugatutako mugimenduetan, adiskidetzat bakardadea eta isiltasuna bakarrik direla, urteak eta urteak betetzera zigortua... hori da disidenteak deuseztatzeko erabiltzen ari diren mendeku politika, betiere justiziaren izenean, isiltasun konplizeak tarteko. Are gehiago, etxeko eta lagunen ondotik hainbeste kilometrotara urrunduz hauen sufrimena areagotzea dute helburu, bai ondo lortu ere, eta beraiek badakite. Estrategia ez da berria, beti erabili izan dira familiartekoak edo lagunak giltzapean dagoena makurtzeko. Modu berean kondena betetakoei zigorra luzatzeari ekin diote, legerik makurrenak ezarriz.
Baina hobe horrelakorik albistegietan eta hedabideetan ez azaltzea. Ez dute nahi lekukorik eskubide urratuak besteenak direnean. Hobe da etxean otoitzik egin gabe auzoan meza ematen jardutea. Nork kondenatzen du horrelakorik? Nork gaitzesten edo udaletxe aurreetan bilkurarik antolatzen? Alde batetik urrats sendoak ematen hasi diren bezala, bestaldetik biolentziarik zakarrena aplikatzen jarraitzen dute. Gaur da eguna biktima batzuk ekitaldi handiez oroitzen diren bitartean beste batzuei oroimen xumeena ere ukatzen zaiena, horren defentsa egitea ere kriminalizatzera heldu direlarik. Beraz, betikoan gaude.
Euskal Herriak ezertaz harro egon behar badu, inoiz beste herri baten inbaditzailea ez izanaz da. Gure herriaren nortasuna eta izatea defendatzen gerra asko galdu dugu, baina gizatasuna inoiz ez. Horra adibidetzat espetxeetan dauden gizon eta emakumeak hainbeste urtetan erakusten ari diren duintasun eredugarria, errepresio gordinenaren aurrean askatasunari uko egin gabe. Askatasun ukazioak eraginda zauri historikoak hor daude, baina aldaketa haizea sumatzen da. Orain, egoera berri honi oraindik eta indar gehiago emateko espetxean eta atzerrian dauden lagunak geure ondoan behar ditugu.
Itsasargiak ñirñirka dirau.