GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dergiren euroagindua ebatzi aurretik, manifestazioa egingo dute bihar Garazin

Ageneko auzitegiak asteazkenean erabaki behar du Daniel Dergi Espainiaratu ala ez. Bere auzokideak ez dira geldirik geratu; bihar manifestazioa egingo dute Donibane Garazin. ELB sindikatuak eta NPA alderdiak, beste batzuen artean, atxikimendua eman dute.
p014_f02.jpg

GARA |

Kalean aske baina Espainiaratua izateko arriskuan dagoen Daniel Dergi euskal preso politiko ohiak elkartasuna jasoko du bihar Donibane Garazin. Izan ere, manifestazioa deitu dute haren aurkako auzia salatzeko.

17.00etan abiatuko da ekimena, eta mezua argia izango da: Ageneko auzitegiari jakinaraztea ez dagoela arrazoirik Dergiren aurka egiteko, besteak beste orain leporatu nahi dizkioten delituak preskribituta daudelako frantses legediaren arabera. Hala dela onartu du Marie-Helene Heyte Estatuko abokatu nagusiak berak, eta horregatik adierazi du Madrilgo eskaerari ezetza eman behar zaiola.

Dergik elkartasuna jaso zuen uztailaren 27an ere, egun horretan 50 lagun inguru heldu baitiren Agenera. Aurretik, uztailaren 6an Cahorsen atxilotua izan zen Daniel Dergi, eta astebete eman zuen horrela, hilaren 13ra arte ez baitzuten askatu. Auzia aztertu ondoren, aske jarraitu behar zuela deliberatu zuen auzitegiak; baina Espainiaratuko ote duten ez dute asteazkenera arte jakinaraziko.

Horiek horrela, kalera ateratzea erabaki dute Daniel Dergiren lagun eta auzokideek, baita oro har gisa honetako prozeduren aurka dauden herritarrek ere, Euroaginduaren Aurkako Kolektiboan batu direlarik.

ELB eta NPA

Egonezaren seinalea da eragile oso ezberdinek mobilizazioari emandako babesa (ELB) sindikatuak «euroagindua aski, Daniel Derguy libre!», eskatu du, prentsa ohar baten bidez. Hainbesteko zalaparta eta sostengua piztu duen Aurore Martinen auziari erreparatu ondoren, «Euskal Herrian ideki den aro berriaren kontra jokatzea helburu du Espainiak -salatu du-. Alta, bake bidearen jorratzeko nahikeria argia erakusten du euskal gizarteak. Aurore Martinendako bezala, 124 hautetsik sostengua ekarri diote Derguyri», diote.

NPA alderdiak Angelutik helarazi du atxikimendua, eta honek ere Aurore Martin eta Daniel Dergiren kasuak lotzen ditu. Gatazka politikoetarako errepresioa ez dela konponbidea nabarmendu du.

TXIRRINDUZ

Manifestazioa ez da izango biharko babes ekitaldia bakarra, Dergiren aldeko bizikleta martxa ere abiatuko baita 10.30ean Ozkaxeko lepotik, eta Donibane Garazira helduko da, beste mobilizazioarekin bat egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo