GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Presakako kartzelatzeak ez du gizartearen baitan den eztabaidaren konponbidea ekarriko

Nicolas Bonnemaison, iragan asteazkenean ustez eutanasia aktiboa egiteagatik Baionako Polizia Judizialak atxilotu zuen medikua aske utzi zuen ostean instrukzio epaileak. Prokuradoreak, ordea, epailearen erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu du. Poliziak abiaturiko inkestaren ondorioz, Bonnemaisoni adineko zenbait eriri eutanasia egin izana leporatu zioten, eta Estatu frantsesean eutanasia ez da legezkoa; hartara, eutanasia aktiboa hilketa bezala jasotzen du bertako Zigor Kodeak, eta, hortaz, espetxe zigor gogorra jaso lezake medikuak egotzitakoa frogatuko balitz. Gizartearen baitan, ordea, afera ez da horren erraz sumatzen. Izan ere, kodeak kode, badira eutanasiari buruzko arras iritzi ezberdinak, eta Baionako ospitaleko medikuaren kasuak eztabaida arrapiztu du. Horiek horrela, ez du iduri prokuradorearena, hots, berehalako kartzela eskatzea, biderik zuzenena denik, horrek ez baitu gizartearen baitan den eztabaidaren konponbidea ekarriko. Aitzitik, bada politikariek eta gizarte eragileek eztabaida horri heltzeko tenorea, eta ondoren legeek haren emaitza jaso beharko lukete. Baionako medikuaren kasuak agerian utzi du horren premia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo