GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Mingainaren punta-puntan

Mingainari kosk! Esango bai eta hala ere barrenean gorde; burutik eta zenbaitetan urdailetik ahorainoko bidea egin eta han gelditu, mingainaren punta-puntan. Denbora pasa eta batzuetan han geratu izanak lasaitzen gaitu, beroan hustu ez izanak; beste batzuetan hitzek salto egin ez izanaren damu gara. Uneak eta okasioak daude, txarrerako eta baita onerako ere; izan ere, zenbat hitz goxo eta laudorio ez zaizkigu gelditu modu berean mingainaren punta-puntan?

Laudorioak bota eta jasotzeak ezinegona eragiten digu, barne poza baina lotsa; ohitura falta zaigu, ohitura galdu dugu. Haurrak hitz goxoz josten ditugu: polita, txintxoa... Zenbat hitz goxo ez ote ditugu jaso haiek gogoratzeko adina adinik ez genuenean? Airoso botatzen dizkiegu txikiei, erreparorik gabe eta haiek ere airoso jaso, lasai, normaltasunez. Ohitura galtzen dugu gero, botatzeko eta hartzeko, eta, hain da sakona inoren laudorioak jasotzeak sortzen digun ezinegona, zenbaitetan modu traketsean baino ez dakigula erantzuten, entzungor eginez, elkarrizketa saihestuta, «zer esan behar diot nik orain honi» gure barrenean pentsatuta.

Barru-barruan baina, inork gu estimuan izatea nahi dugu, laudorioak usaintzea, atzematea, nabaritzea; bikoteei, gainera, aho zabalez botatzeko eskatzen dizkiegu, zenbat maite gaituzten etengabe esateko. Harekin lasai, ernegatu gabe, «normala» baita hark hitz goxo eta ederrak esatea, normala, beharrezkoa eta ia-ia derrigorrezkoa askotan. Hura normala, eta, arratsalde ederra pasarazi dizun lagunari botatzea, ordea, ondo kudeatu ezin dezakegun egoera sortzea agian. Horregatik pilatzen ditugu hitz goxo eta laudorio asko mingainaren puntan, burutik ahorainoko bidea eginda eta haiek une zehatz haietan salto egin ez izanaren penarekin, hura zelako momentua, okasioa... Eta hura galduta, mingainean pilatutakoak idatziz espresatzen ditugu zenbaitetan, begietara begiratu gabe, zeharbidez, baina buru-ahotik kanporako bidea eginda behintzat. «Zergatik esan behar dizut, badakizu eta?», erantzuten diogu inoiz keinuren bat eskatu digunari. Kontua da, zergatik asmakizun lanetan aritu laudorioetarako horrenbeste hitz eder ditugunean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo