GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: Aiora Zulaika «Pirritx»

«Uda abenturarekin lotzen dut, baina neguan berdin izan behar luke»

p038_f01.jpg

Lasartearra lasai pasatzen ari da uda, familiarekin egun pasak eginez, bestak direla, igerilekua, hondartza... «Ederki!». Abenturarekin lotzen du uda Aiora Zulaikak, baina neguan ere berdin egin behar dugula uste du. «Ane piratak erakutsi zigun urteak betetzea baino garrantzitsuagoa dela abenturak bizitzea».

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Beti lotu izan dut abenturarekin. Txikitan eskolarik eza, handiago zarenean udalekuak direla, festak direla...

Eta usaina?

Zelaiko kamamilarena. Txikitan Arrasateko Udala auzora joaten ginen kanpinera. Bi familia, hamar pertsona egoten ginen zelai batean eta usaina bertako kamamilarena da.

Garai hau egokia izan daiteke kale ikuskizunak egiteko... 

Bai, baina guk udan atseden hartzen dugu eta oholtzakoak ez diren lanetan ere jarduten dugu, negukoaren prestaketan.

 

Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako? 

Egunak, parrandarako. Eguneko parrandak beti iruditu zaizkit onenak! [Adierazi digu irrika, elkarrizketa osoan bezala].

Eguzkitan ala itzalean?

Beti itzaletan, azala erraz gorritzen zaigulako sudurra bezala!

MP3a edo irratia?

Ez bata eta ez bestea, kuboa, pala, txapela, krema, ura... Nahiko tramankulurekin joaten gara bestela ere, sherpak bezala.

Egunkaria ala liburua?

Egunkaria. Dena den, lanak izaten ditut irakurtzeko, zeren eta Pupuk ura botatzen dio, Lorek jan egin nahi du...

Deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den begira?

Konektatuta nahiago; uda nahiz negu, belarri bat tente.

Mugikorra beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?

Sakelakoarekin desastre hutsa naiz, bestela galdetu Porrotxi...

Dena lotuta ala inprobisatuz?

Orain, hiru umerekin, inprobisazio gutxi. Gainera, gauza bat egingo duzula esaten badiezu, gauza hori egin beharra dago.

Maleta handiarekin?

Nahiago nuke txikia, baina begiratzen jarri eta nirea handiena!

Argazki makinak ala memoriak gordetako irudiak?

Argazkizalea naiz txikitan aitari makina puskatu nionetik.

Oporraldirik bereziena?

Txikitan familian egindakoak.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Txikitako haiek errepikatuko nituzke gustura.

Huts egiten ez duzun zita? 

Getariako sardina jana.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Gozategi taldea.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

San Lorentzoren malkoak edo pertseidak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo