GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Donostia

Ņoņostirenak egin du! Piratak dira nagusi orain Donostiako jaietan

Amaitu dira jada Donostian postaleko jaiak egiten ziren garaiak. Azkeneko urteotan ereindakoaren fruitua jasoz, milaka lagun elkartu ziren atzo kaiko abordatze piratan, Gipuzkoako hiriburuan ere festa parte-hartzailea posible dela argi eta garbi frogatuz.

p046_f01_148x116.jpg

Goizean goizetik lanean jo eta fuego aritu ziren atzokoan Donostiako kuadrilla ugari. Helburua bakarra: abordatze piratarako ontzia prestatzea. Goizeko zortzietan zuten txanda goiztiarrenek paleak, puxikak eta era guztietako tramankuluak erabiliz badia zeharkatzeko ontziak prestatzeko.

Askok eta askok lana etxetik erdi egina eraman zuten, ordubete eskas zutelako kaian azken ukituak emateko. Ondoren, hurrengo txandako kideak zituzten zain. Aurtengoan, lau txanda antolatu behar izan dituzte.

Horiek horrela, animoso zegoen kaia goizean goizetik. Pentsa, antolatzaileek «trafikoa» arautu beharra eta guzti izan zuten, ontziak egiteko materialak garraiatzen zituztenak Portaletas inguruan pilatzen ari baitziren.

Giro ederra izan zen kaian muntaketa lanak direla-eta, jende mordoa hurbildu baitzen lanok jarraitzera. Txosna ere irekita izan zen, musikak kaiko bazterrak alaitu zituelarik.

Horrelakoetan, beti egon ohi da pertsonaia arraroren bat tartean; badakizue, zertan dabilen ongi ez dakien horietako bat. Benedikto XVI.ak Madrilera egingo duen bisita tarteko Donostian geldialdia egin zuen erromes taldeari tokatu zitzaion atzokoan paper hori. Zorionez, Raimudo Sarriegiren estatuak ez zituen atzo erromesak zauritu, Iruñean entzierroaren monumentuak egin zuen bezala!

Azken aste eta egunotan paleak biltzen izan dira kuadrillak Donostiako eta inguruko herrietako tailerretan. Mota guztietakoak ikus zitezkeen atzo, lodiagoak zein meheagoak. Halere, palerik lortzerik izan ez zuenak ez zuen arazorik izan, antolatzaileek prezio onean saltzen baitzituzten kaian bertan. Paleekin eta piratek eskaintzen zituzten puxikekin nahikoa zen kaitik Kontxara bitarteko bidea egingo zuen ontzia prestatzeko.

Ontzia prestatu eta Portaletasen uretara bota ondoren, arratsaldeko bostak iritsi arte itxaron beharra zegoen. Hori ere ez zen lan nekeza izan, kaian herri bazkaria izan baitzuten piratek; Nautikoaren ondoko espigoia oso-osorik bete zuten!

Bazkalostean, 21 graduko tenperaturan dagoen uretara sartzea ez da inoiz ideia ona izaten. Batzuentzako, bereziki. Ondo jan eta ondo edan eta gero, batek baino gehiagok arazoak izan zituen noranzko zuzena hartzeko. Hori lehorrean izanik, pentsa nola moldatuko zen behin uretara sartutakoan...

Kontuak kontu, arratsaldeko lauretarako Portaletas ontziz beteta zegoen. Noski, azken orduan berea oraindik ere egin gabe zuenik ere izan zen...

Mota guztietako ontziak elkartu zuten. Errazenera jo eta pale pare batekin eta puxika handiekin egin zuten baltsa kuadrilla batzuek. Beste batzuek, ordea, askoz ere lan handiagoak hartu zituzten. Adibidez, Nafarroako bandera bela bezala jarrita zuen ontzia ikusi genuen, txirrista eta guzti zuena. Bi surf ohol ere bazituen, eta, egia esan, Kontxako hondartza atzean utzi eta Orioraino heltzeko aproposa zirudien...

Baziren aulkiak ere zituztenak, ibilbidea eroso egin ahal izateko. Beste batek, komuna eta guzti zuen... Espero dezagun erabili ez izana, izan ere, antolatzaileek behin eta berriro errepikatu zuten uretara ez arrautzarik ez irinik ez lixibarik ez xaboirik ez botatzeko. Piratak, noski, Amalurraren alde daude eta ez dute badia zikintzen.

Erronkak eta erronkak

Abordatzeak, erronkak, bata bestearen atzetik, gainditzea suposatzen du. Lehenik eta behin, goizean uretan utzi duzun ontzira heldu beharra duzu. Utzi duzunean toki egoki eta politean zegoen, baina arratsalderako antzeko baltsa mordoa dituzu inguruan eta zurera heltzea biziki zaila bihurtu da! Segurtasun kontuak direla-eta, antolatzaileek ez zuten uzten eskaileretatik behera uretara jaisten. Portaletaseko aldapa zen uretara sartzeko leku ofizial, eta seguru, bakarra. Halere, baltsa kanpoaldean zutela ikusita beren burua aurreko espigoitik uretara bota eta igerian heldu zirenak ere izan ziren, horretarako beste kideenak zanpatu behar izan bazituzten ere.

Behin ontzira helduta, igotzea ere erronka da! Puxikak eta paleak altura dezente hartzen dute, eta, bertara igerian iritsi eta gero, ez da lan makala ontzira igotzea. Kuadrillako kideen laguntza behar izan zuten askok eta askok.

Hor sortzen da hirugarren erronka. Hondoratzen ez den tramankulu bat prestatzea erraza da, baina, aldiz, hamar lagun gainean daudela hondoratzen ez den ontzia egitea ez da hain erraza... Hala, talde guztia gainera igotzean, ontzi asko eta asko hondoratu ziren, paleak alde batera eta puxikak bestera egiten zutelarik...

Hondoratu ez ziren piratek, beste erronka bat zuten zain: portutik atera eta Kontxako hondartzara heltzea. Urrun, oso urrun ikusten zen helmuga, batez ere pirata ugarik arraunekin zuten trebezia eskasa ikusita. Egia esan, hori bai, haizeak gisa horretako tramankuluak erraz mugitzen ditu eta baltsa norabide zuzenean jartzea ez da gauza erraza. Horrenbestez, askorentzat gabarroira heltzea ezinezkoa zirudien ametsa bilakatu zen.

Milaka izan baziren bere burua uretara bota zutenak, milaka izan ziren ere kai ingurura piraten abordatzea ikustera hurbildu zirenak. Horien artean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea bera ere bazegoen. Estropaden eguna zela zirudien, Urgull mendiko magala ere jendez gainezka baitzegoen!

Atzokoan, egia esan, bildutakoek ez zuten arraunean oinarrituriko ikuskizuna batez gozatzeko aukerarik izan. Hori bai, Donostiako jaiak parte-hartzaileak direla frogatzeko aukera bikaina izan zuten.

EGITARAUA
Abuztuak 16

Ofiziala

11.00>BULEBARra Puzgarriak.

11.00-14.30>ludotekA Argi eskulturak Vinuesa plazan Pedro Castelorekin.

13.00>ZURRIOLAKO TERRAZA. Laboratorio de Samba.

17.30>EASO PLAZA. Haurrentzako aerobika.

ZURRIOLA PASEALEKUA, KUBO TXIKIAREN ATZEAN. Haurrentzako esgrima, Igor Otaegi maisuarekin.

BULEBARRA. Bizikleta festa.

18.00>KOLDO MITXELENA. Tenis Challengerra eta tenis ikastaroa.

VINUESA PLAZA. Larruzko abarkak egiten ikasteko tailerra.

URGULLEKO NATUR TXOKOA.``Inbaditzen gaituztela!». Haurrentzako jolasak.

18.30>kontxako pasealekua. Erraldoiak eta buruhandiak.

ZURRIOLA ETA ERDIALDEA. Txarangak.

19.00>Bulebarra. Epilako(Zaragoza) musika banda.

20.00> KONSTITUZIO PLAZA. Goizaldi dantza taldea.

22.45>KONTXAKO BADIA.Su Festen 48. Nazioarteko Lehiaketa. Zaragozana piroteknia.

23.30>LONDRES HOTELa.Zezensuzkoaren irteera.

EASO PLAZA. Tsunami orkestra. BULEBARRA. Lauroba, pop-rocka. GIPUZKOA PLAZA. Deabru Beltzak taldearen ``Wolves'' ikuskizuna. KONSTITUZIO PLAZA. Obaneuke, erromeria. KURSSAL. Kuadrila Kanupi Klub. SAGUES. Def con Dos.

Piratak

UMEEN EGUNA

12.00 Tailerrak.

13.30 BERTSO SAIOA. Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Igor Elortza eta Aitor Sarriegi.

17.00 Jolasak.

19.00 TXOKOLATADA.

19.30 BERTSO-POTEA. Irteera: La Flamenka. Bertsolariak: Unai Gaztelumendi eta Aitzol Barandiaran.

21.o0 ZEZENSUZKOA.

23.00 KONTZERTUA. Skakeitan, Oreindik, Gaueko Itzalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo