GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR Radio Shack taldeko txirrindularia

Basamortuko zaldunak

Kaixo guztioi! Aurtengo Tourrean eguraldiaren kexu izan garenok, gaur [atzo] izan dugu nahi adina bero. Berriz ere, Levante aldeko haize beroak, termometroaren zenbaki gorrienetara igo du tenperatura.

Irteeratik, pelotoian joan eta indarrak gordetzea zen asmoa, baina irteera pixka bat goraka zela ikusi, eta jende indartsua bertan zelarik, eguneko ihesaldian sartu naiz ia oharkabean.

Ihesaldian ginela, neure buruari esaten nion: nora kristo hoa Irizar? Izugarrizko beroa, basamortua moduko parajea, arimarik ere ez bide ertzean, eta neure pentsamenduetan sartuta, erreleboak ematen ginela, Su ta Garren «Basamortuetako zalduna» abestia etorri zait burura. Ihesaldiko bost lagunek, Aitor Gorosabelek abesten zuen kantu hura bezala, basamortuan zehar bost zaldun galdu ematen genuen.

Hamalau bat ur bidoi edan, eta beroa ikaragarri ongi etortzen zaidan arren, azken bost kilometroetan arranpak izan ditut, eta nahiko lan izan dut hala-nola etapari bukaera dexente bat emateko.

Eta datozen egunetara begira, aukeratzen hasita, Basamortuetako zaldunak alde batera utzi, eta beste abesti baten leloari eutsiko diogu.

Jo ta ke, irabazi arte!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo