GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hotza eta beroa, bakea eta gerra

Sadat eta Beginek itundu, Mubarakek probestu eta Ameriketako Estatu Batuek ordaindu duten «bake hotza» hobea da egungo Israelentzat, haren ordezko guztiak baino

Zoritxarrak banaka etortzen ez direnez, Beersheva, Ashdod eta Ashkelonera azken 30 hilabeteetan iristen ez ziren misil palestinarrak berriro erortzen ari zirenean lurreratu da Israelen Glen Beck, pasa den asteburuan. «Honelako `adiskideekin', etsai beharrik ez» pentsatuko zuen batek baino gehiagok, astebete lehenago kalera irten ziren dozenaka mila israeldar haserreen artean batez ere. Etxetik hurbilago ditugun Jimenez Losantos, C. Vidal eta abarren eredua eta maisua den bazter nahasle estatubatuarra Israeli laguntasun osoa adieraztera joan baita... bere sorterriko gobernuari zor liokeen leialtasunaren gainetik bada ere, ozenki aditzera eman duenez. Egitasmo horretarako bidaide dituen negazionista, ultraeskuindar eta jite guztietako anti-ak aintzakotzat hartzen badira, ordea, ez dakit zer probetxu atera dezakeen egungo nahiz etorkizuneko Israelek horrelako «laguntasunetatik»... etsaien ugaltzea ez bada.

Baina gutxienekoa da hori, gaur-gaurkoz, Netanyahu eta konpaientzat. Askoz larriagoa da bestea. Urte hasieran, arabiar herrialdeetako matxinadak sutu zirenean igar zitekeena egitate gardena bihurtu baita sei hilabete geroago: iraultza horietan, lekuan lekuko tirano handi eta koskorrekin batera, galtzaile nagusia Israelen kanpo (eta barne?) politika izan da. Ez zen, ez, kasualitatezkoa Tahrir plazako gertakarien aurrean Tel Aviveko gobernuak mantendu zuen jarrera ezkorra; eta ez da inozoa egun Siriako krisiaren aurrean darabilen kautela mugagabea. Jordaniako gorabeherak ez aipatzearren.

Egun hauetan Sinain eta Gazan sutu den gatazkak erakusten du paregabeki eszenategiaren mudantza. Duela hiru urte Gazan egindako sarraskia abiarazteko erabilitako aitzakiak baino askoz larriagoak izan arren orain gertaturikoak, Netanhayuren gobernuak diplomaziaren koipeari ekin dio gogotik oraingoan, eta ez berun urtuari. Israelgo iritzi publiko basatienak horixe eskatzen badu ere (ez baita hain erraz onartzen Burdinazko Sabaiak ere zuloak badituela eta, txarrera, misilek erortzen jarrai dezaketela, gero eta urrutirago gainera).

Berritasuna, noski, Egipton datza. Iraultzak agerian ipini du egiptiarren artean Israelek lurralde okupatuetan egiten dituen basatikeriek sortzen duten sumina, eta aginte politiko berriak iritzi publiko horri men egin beharko dion heinean, garai bateko konplizitateak berregitea gero eta zailagoa da. Eta, hortik aurrera, Israelen jokoa ere erabat mugatuta geratzen da, Ameriketako Estatu Batuetako bizkartzain erraldoiaren babesa ere gero eta baldintzatuagoa dela argi dagoelako. Camp Davideko akordio zaharrak erabat suntsitzea atrebentzia handiegia litzateke Israelek inoiz eduki duen gobernurik taxugabeenarentzat ere. Orduan hitzartu zen Sinaiko desmilitarizazioa orain mesederako baino gehiago kalterako duela jakin arren.

Sadat eta Beginek itundu, Mubarakek probestu eta Ameriketako Estatu Batuek ordaindu duten «bake hotza» hobea da egungo Israelentzat, haren ordezko posible guztiak baino. Ordezko horietan guztietan, adjektiboak adjektibo, agertuko litzatekeen izena «gerra» litzatekeelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo