GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Gizon zuria

«Rumanos ladrones, moros, africanos... todos fuera». Zur eta lur utzi ninduen mezuak, tristea irizten baitiot XXI. mendean halako ideiek bere horretan jarraitzea

«Guretzat lautada zabalak, mendilerro ederrak eta ibai gardenak ez ziren basatiak, ezta inguruko animaliak ere. Guretzat Lurra ez zen inoiz basatia izan, emankorra eta eskuzabala baizik. Ekialdetik gizon zuria iritsi, eta gure familiengan injustiziak eragiten hasi zen arte. Orduan hasi zen guretzat basakeriaren aroa.»

Sioux buruzagia

White man, hombre blanco, l´homme blanc, blanke man, homem branco... Hots, gizon zuria kolonialismoaren hizkuntza nagusi izan direnetan. Eta «gizon» hitza aipatzean, espresuki gizonak izendatzen ditut, «pertsona» hitzaren sinonimotzat erabili gabe. Historian zehar, herri zibilizatutzat autodefinitzen garenotan gizonek izan baitute erabateko agintea.

Duela gutxi, horma batean eskuz idatzita zegoen esaldi batek berpiztu zidan gogoeta hau. Hain zuzen, honakoa zioen: «Rumanos ladrones, moros, africanos... todos fuera!». Zur eta lur utzi ninduen mezuak, tristea irizten baitiot XXI. mendean halako ideiek bere horretan jarraitzea. Gaiaz hausnartzen jarrita, alabaina, gure artean, oinarri bereko hainbat adibide aurki daitezkeela jabetu nintzen:

- Hegoamerikarrak alferrak direlako, eta hango txirotasunaren arrazoi nagusia hori delako uste zabaldua.

- Txinatarrak gu konkistatzera datozela, edo guztiaren jabe egiten ari direla dioten komentarioak.

- «Moro» gisa etiketatzen ditugun pertsona denak berdinak -alegia, susmagarriak eta liskartiak- direlako arrazoiketa.

- Pateretan iristen diren afrikarrak guri lana kentzera datozela defendatzea, beste inork egin nahi ez dituen lanak soilik ematen zaizkiela nabaria izan arren.

- Larunbat gauetan nahiz festetan, kapelak edota loreak saltzen aritzen direnei egiten zaizkien barreak eta mespretxuak.

- Herrialde txiroetara bertako neskatoen gorputzak erabiltzera bidaiatzen dutenen kontakizunen aurrean agertzen den arduragabetasuna.

Haatik, adibide horiez harago, zurion estatuek zein gobernuek atzean duten historiala eta erantzukizuna are arduragarriagoa dela esango nuke: Hego Amerikaren aurkikuntza, Afrikaren zapalkuntza, Ipar Ameriketako indioen genozidioa, nazismoa, Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketak, Hego Afrikako apartheid-a... Ondorioak argiak dira: erailketak, miseria, giza eskubideen urratzea... Guztiak erlijioaren, garapenaren edota segurtasunaren izenean.

Horrenbestez, gainontzekoak epaitu aurretik, kontuan hartu beharko genituzke gure buruari inoiz egiten ez dizkiogun galderak. Erantzunek ikusi nahi ez dugun errealitate gordina erakusten baitute:

- Denontzat adina baliabide egonik, zein da biztanleen zati handi batek pairatzen duen txirotasunaren arrazoia? Ez al da arraroa natur baliabide aldetik aberatsenak direnak izatea herrialde txiroen zerrendako buru? Zeren, edota zeinen, kontura erdietsi genuen ongizatea?

- Zergatik hemengo enpresa nagusien ondasun gehienek «Made in China, Taiwan...» etiketak daramatzate? Zer dela eta kritikatzen dugu asiarrak hona etortzea, gure enpresek Asia euren industriagune eta giza ustiapenaren paradisu bihurtu dutenean?

- Zergatik ez dugu azaltzen «moroen» delituak salatzerakoan dugun sendotasuna gure estatuek haien herrialdeen aurka guda ekintza bortitzak gauzatzean?

- Berezkoa eta konponbide gabea al da Afrikako egoera? Nola bilakatzen da gaixotasunik ezagutzen ez duen kontinente osasuntsu bat epidemien erreinu?

Zuriok besteekiko azaltzen dugun jarrerak hausnarketa sakona eskatzen du. Izan ere, guztiaren atzean inoiz erabat gainditu ez dugun arrazismoa dagoela iruditzen zait. Besteak baino gehiago garela sentitzera garamatzana; besteei mesfidantzaz begiratzera; gure barneko ezintasun, ahultasun eta gabeziak ezkutatzera. Horrez gain, gizarteko klaseen arteko gatazkan agertu den jokamoldea dago: behe klaseek benetako erantzule den goi klaseari aurre egin beharrean, are eta beherago daudenak -erru gutxien izan eta gehien sufritzen dutenak- kolpatzea.

Ondorioz, gure jarrerak aldatzen hasteko unea da, norberarengan jarriaz fokua. Terminologiatik has gintezke: zanpatu ditugun herrien gizatasunari, kolektibismoari edota pertsonekiko eta izadiarekiko maitasunari basakeria deitzeari utziz; inposatu dugun kanibalismoa, indibidualismoa edota guztia gorrotatu eta ustiatu beharra zibilizaziotzat hartzea errefusatuz. Bestearen lekuan jartzeko gaitasuna lantzeko ordua da.

Gainontzean, beti bezala jarrai dezakegu, gure aurpegi zuriak are gehiago zuritzen, munduan patu beltza hedatzen, inoiz existitu den hiltzeko makinarik eraginkorrena izaten... Beti bezala jarrai dezakegu, edo alda gaitezke, iraganeko akatsak onartzen eta konpontzen saiatuz. Jada ezin dugu iragana aldatu, baina bestelako gero bat eraiki dezakegu.

Irudikatzen gizon zuriak beste kulturak eta zibilizazioak suntsitu eta bere eredua inposatzen duen egungo errealitatearen ordez, guztiek guztiengandik ikasten eta elkar errespetatzen duten bat?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo