GARA > Idatzia > Kultura

AISIALDIA

iluntzean, arrantzara

Udaran gehiago hurbildu ohi gara kostaldera bertan bizi ez garenak. Barnealdeko zein kostako jende ugari dabil txipiroietan, «taka, taka, taka...». Modan jarri dela diote batzuek. Beste batzuek ordea gainpopulatu egin dela. Erreparatzen dionak, konturatuko da kala, portu eta muturretan iluntzero biltzen den jende andanaz.

p044_f01.jpg

Odei IRIGOIEN | DONOSTIA

Zarautzeko autobus geltokian egin dugu hitzordua, arratsaldeko seiak aldera. Haritz Uribesalgo eta Iban Biain beharginak dira Bergarako tailer batean, bata harreran, eta bestea makinetan. Txikitatik erreka zuloetan arrantzan ibiliak, autoa hartu ahal izan zutenean, itsasora ere jotzen hasi ziren. Telefonoz gaueko arrantza jardunaren nondik norakoak esplikatu zizkidatenean, beste hainbat gauzen artean, «etxetik atera, trasteak hartu eta autoan musika jarri orduko» pozik ateratzen direla kontatu zidaten.

Badatoz, reggae antzeko musika dakartela, ezaguna ez badut ere, animatua eta denbora patxadaz hartzeko aproposa. Egia esan, pozik datozela esango nuke. Nora goaz? «Ez dakit, Getariatik aurrera joango gara kostako bidetik, eta bertan ikusiko dugu non geratu», Ibanek, bera doa-eta gidari. Geldialdi bat, baina ez, itsasoa goi samar dago eta ez du leku askorik uzten egoteko. Aurreraxeago, «bai, hemen bai». Antza, bigarren kala honek aproposagoa dirudi, arroken gainean aiseago ibil baitaiteke, baina itsasoa mugitua dago gure azpian, eta hori ondo aproposa da, «urak haitza jotzen duen lekuetan ibiltzen direlako arrainak». Abuztuko egun argi bat da, eta ilunabarra izanagatik ere, bero sargoria nabari da airean. Itsasoko haizea eta kresal usaina eskertzekoak dira.

Getariako arratoiari begira, despistatzen da norbera, zeruko kolore gorriekin, eta konturatu orduko kanaberak prest dituzte. Txibiak erabiliko ditugu beitatan hondoko arrantzarako, baita kortxorako ere. Bandejakada txibi. Arraroa, hauek ez baitute tinta eta tomate artean amaituko. Hondokoa bota, eta bertan laga dugu. Iban arroka ttonttor baten gainera igo bitartean, Haritzek jardunaren nondik norakoak azaldu dizkit: «Hondora botaz gero, bertan laga eta adi egon behar duzu, puntari begira, ea tenkadarik ematen duten. Baina kortxoarekin are adiago, hor momentuan bertan ez baduzu tira egiten, beita eta harrapakina, biak ere biak galdu baitituzu!». Bien bitartean, andre-gizon bikotea hurbildu da kalara gure bide berberetik, eta metro batzuk harantzago jarri dira.

Taka-taka-taka...

Harantzago ere beste gizon bat ari da. «Jende mordoa aritzen da. Txipiroietan aritzea adibidez, modan jarri da». Iban hurbildu da, beita berri baten bila: «Azken 5 edo 10 urteetan `boom' bat izan da, (...) gazteek taberna zuloa laga, eta txipiroietara jo dute», gaineratu du. «Eta ez gazteek bakarrik, andre nagusiak ere joaten dira, elkarrengandik metro batzuetara jarri aulkitxoarekin, eta taka-taka-taka...». Arratsalde partera moilara hurbilduz gero, jendea ordurako lekua hartzen hasita topa daiteke. Argiak jotzen duen lekuak okupatzen saiatzen dira, arrain txikiak argitara egiten baitute, eta txipiroiak hauen atzetik. Inoiz liskarrak ere sortu izan ditu horrek, leku bat gauerako hartu eta bitartean beste batean arrantza egiten duenik ere badago-eta. Dena dela, ez da inolaz ere ohikoa horrelako giroa, «erlaxatzera, deskonektatzera etortzen baikara».

Orduak aurrera, guk ez dugu ezer ere harrapatu. Emakumeak olagarro txiki bat atera du. «Orain Deba eta Mutriku artera egingo dugu. Ez dugu txipiroietarako materialik ekarri, baina jendez lepo egongo da. Ikusiko duzu!». Promesa hori lagun, abiatu gara harantz, eta esan bezala, bokaleko mendebaleko muturrean, larregi saiatu gabe hamabost kanaberatik gora zenba daitezke. Txiringitoa ere jendez bete antzean dago, eta ezagun bat aurkitu dugu bertan. Jesarri egin gara hirurok. «Zer, atera al duzu ezer?». Hitz gutxiko gizona antza, burua mugituz ezezkoa eman digu. «Eta besteek ateratzen al dute?». Hango batek muxar bat atera omen du, baina bestela ez du ezer ikusi.

Muturrera hurbilduta, Iban gizon batekin hizketan hasi da, Haritz terrazan gelditu den bitartean. Betiko galdera lehenengo eta behin; ez, honek ere ez du ezer harrapatu. Berbetan, berbetan, eta bergararra hau ere! Aquilino, Pinturas Aquilinokoa dela esanez aurkeztu digu bere burua. 50 urtetik gorako gizona. «Animaliak harrapatzera ez, zaintzera nator ni. Arrainei jaten ematen diet!», azaldu digu barre artean. Amua bildu du. Bai, hutsik dauka. Beste beita bat jarri, eta bueltan uretara. Ez omen dago ezer harrapatu beharrik, itsasoaren soinua, berriketaldi batzuk eta emozio pixka batekin konformatzen baita.

Ordutegiak xelebrea badirudi ere, Aquilino, Haritz, Iban zein beste edozein arrantzale bat datoz: arrantzan egiteko ordurik onenak ilunabar eta egunsenti partekoak dira.

Hizketan jarraitu dute teknizismoez, ea zein beita erabili garai honetan txipiroiak arrantzatzeko, azkenengo lupina noiz ikusi zuten eta zenbatekoa zen... Badirudi hemen jendeak trabarik gabe hartzen duela galdezka hurreratzen zaion edonor, baina beti izango da norberarentzat gordeko duen ezkutuko informazioren bat, seguruenik, guzti-guztia ere ez baita komeni kontatzea.

Edozein hasiberrirentzat, lehendabiziko gomendioa pazientzia izatea dela esango dizu arrantzan aritzen den edonork. Ismael Iztueta gaztea ere erabat ados dago horrekin. 19 urte ditu eta ondarroarra da. Ehiza, futbola edota surfa arrantzarekin tartekatzen ditu. Txikitatik izan du harremana itsasoarekin, ondarroar askok bezalaxe. «Sei urterekin edo hasiko ginen, zaharrak egunero portuan ikusten genituen eta uretatik arrainak ateratzen zituzten. Horrek motibatzen gintuen, guk geuk ateratzeak».

«Patientia prima virtus est»

Dakitenekin hitz egitearen garrantzia azpimarratzen du Ismael Iztuetak. «Gu beste erreferentziarik gabe hasi ginen. Norbaitek hasieratik esplikatu izan balizkigu oinarrizko lau gauza, errazagoa egingo zitzaigukeen».

Lehenago barraren muturrean hamar lagun baziren ere, ingurukoak, orain jendez betetzen zaie, «Ermukoak, markinarrak, eibartarrak... Gainera batek besteari `horrek kiloko lupina atera zuen' kontatu orduko, bertan agertzen dira lehengusu-lehengusinak eta osabak-eta». Txokotan eta txibitan ibiltzen dira, eta herritarrek neurri batean beraien lekua hartzen ari direla ere nabaritzen dute. Beraien artean ondo konpontzen direla esan digu, «nahiz eta elkarri gezurrak kontatzen aritu ohi garen. Ipini, ipini hori. Aparejuak nondik lortu, eta itsasoaren nondik norakoak, eta eguna zer moduzkoa datorren... elkarri informazioa ateratzen aritzen gara». Horren pisua ere azpimarratzen du, arrantzale ona izateko, «teknika» hori ondo menperatu beharra dago. Akuakulturako ikasketak burutzen dabil eta «arrain munduko biologiari buruz, jaki mikroskopikoen ingurukoak, neurri eta zikloen inguruan asko ikasi dut». Halere, horrek ez omen du nahi beste balio arrantzatzeko orduan. Bere lehendabiziko eta azkenengo aingira 10 urterekin harrapatu zuen. Geroztik ez omen ditu ezta usaindu ere egin.

Aukera beste teknika

Lupinak eta muxarrak, txibiak eta txokoak, berdelak edota aingirak, olagarroak... Euskal Herriko kostaldea espezietan aberatsa da oraindik, nahiz eta arrantzan ibiltzen direnen esanetan, azken hamar edo hamabost urteetan harrapakin kopuruak nabarmen egin duen behera.

Espezie bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, eta horietara moldatu beharra dauka kostara arrantzatzeko asmoz hurbiltzen denak. Behar da jakin zein eguraldirekin ateratzen diren gehiago, urteko zein sasoi den aproposena atzemateko, zein material edota beita mota erabiltzea komeni den... Lekua eta ordua ere tentuz aukeratu beharreko faktoreak dira harrapakinak eraman nahi izanez gero.

Halako kasuetan garesti saltzen ei da jakituria, eta kanpotik begiratuta guztiak antzera xamar dabiltzala irudituko zaion arren ongi begiratzen ez dakienari, bakoitzak izan baditu bere sekretutxoak. Esate baterako, egur pusketa batean pita bildu eta bildu arrain itxura eman arte ibiltzen denik bada. Baita azazkalak margotzekoarekin distira gorria ematen dionik ere. Halako txikikeriek baldintza dezakete gau beila luze baten arrakasta edo porrota. O.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo