GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | ELGOIBAR

Suziria lehertu ez arren, gaseosaz blai amaitu dute elgoibartarrek

Ederra gertatu zitzaien atzo elgoibartarrei. Bi suziri jaurti zituzten udaletxetik jaiei hasiera emateko, baina bat bera ere ez zen lehertu! Hala ere, herriko txarangaren laguntzari esker, gaseosa botilak astindu ahal izan zituzten herriko gazteek.

p052_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Urduritasun uneak bizi zituen batek baino gehiagok atzo Elgoibarreko txupinazoan, zerura begiratu eta jaiei hasiera eman behar zien suziria lehertzen ez zela ikustean. Eskerrak inguruko mendi batetik jaurti zituzten suziriek arazoa disimulatzen lagundu zuten... Herriko txarangak berak ere salbatzaile papera jokatu behar izan zuen, eta, hala, kantu alai batekin apurtu zuen ustekabeko isiltasun momentua.

Elgoibarrera atzokoan gerturatu zen oro, berehala jabetu zen egun berezia zela. Gaztetxoak hona eta hara bueltaka zebiltzan, euren gaseosa botila eskuetan zutela, hura astintzeko momentua noiz iritsiko zain. Bat baino gehiago izan zen tentazioari ezin eutsi eta ordua baino lehen botila zabaltzeko erabakia hartu zuena. Hainbat gazte ere bazebiltzan hara eta hona, euskal preso politikoen aldeko kartel eta pankartak ahal zen toki guztietan jarriz.

Elkartasuna

Nonahi ikus zitezkeen euskal preso politikoen aldeko aldarrikapenak: txosna gunean, kaleko hormetan, jendearen jantzietan... eta, nola ez, baita txupinazoan bertan ere. Hamarka izan ziren jaiei hasiera emateko momentuan bertan ez zeuden herritarrez gogoratu zirenak.

Arnaldo Otegi eta Ainara Ladron izan ziren guztien artean gogoratuenak. Udaletxeko zutabeetan, Otegiren argazkiak ikus zitezkeen eta herritar bat baino gehiagok zeraman bere aldeko kamiseta edo pina, guztiak ere bere preso zenbakiarekin. Kaleetan zehar gazteek jarritako aldarrikapenek, aldiz, Ainara Ladron zuten gogoan.

Txupinazoan bertan ere, udaletxeko balkoian zeudenetako batzuek preso eta iheslari politikoen aldeko ikurrak atera zituzten. Beste herri batzuetan ez bezala, Elgoibarren ez zen inongo istilurik sortu. Lehertuko ez zen suziria bota eta herriko txaranga jotzen hasi bezain laster, plaza hustu egin zen, txarangak bertan zeuden ikusle guztiak kalejiran eraman baitzituen herrian zehar. Gazte zein heldu, gizon zein emakume, herriko kaleetan barrena sartu ziren doinu alaien atzetik dantzan.

Gaurko egitaraua

Jaiek beren bidea egiten jarraituko dute igandera arte. San Bartolome eguna ospatuko dute gaur herritarrek. Euskal Herriko jai egitarau tradizionalei jarraiki, meza nagusia eta herriko musika bandaren kontzertua izango dira ekitaldirik jendetsuenak. Kale animaziok ere izango du tartea. Erraldoi eta buruhandiez gain, Trapu Zaharrak antzerki taldeak «Gira&bira» ikuskizuna eskainiko du Nafarroa plazan.

Nola ez, kirolik gabeko jairik ez da Euskal Herrian. Horrenbestez, esku pilotako profesionalen arteko partidak jokatuko dira gaur gauean ikastolako pilotalekuan. Eta, eguna amaitzeko, musika ikuskizuna izango dute elgoibartarrek Foruen plazan.

Hala ere, jaietako egunik onenak dituzte oraindik aurretik elgoibartarrek. Izan ere, Txiki Eguna eta Gazte Eguna dira herritarren artean son handiena duten egunak. Herriko gazteek begi bistan dituzte egunok, eta gaur indarrak soberan ez gastatzeko asmoarekin irtengo dira kalera. Laket eta Egurra Ta Kitto! taldeek dantzan jarriko dute txosna gunera gerturatzen den oro.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo