GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Inori bizia kentzea erabakitzea hilketa da», gogorarazi du Sendagile Elkargoak

Nicolas Bonnemaison Baionako erietxeko larrialdi zerbitzuko sendagilearen auziari buruzko iritzia kaleratu du Pirinio Atlantikoen Departamenduko Sendagile Elkargo ofizialak agiri baten bidez. Paueko auzitegiak irailaren 6an aztertuko du Bonnemaisonen kartzelatzea.

p014_f01.jpg

GARA | BAIONA

«Lau eri pozoitu izana» leporaturik, Baionako erietxeko larrialdi zerbitzuko Nicolas Bonnemaison sendagilea atxilotua izan zen joan den abuztuaren 12an. Bi aste igaro dira geroztik, eta Sendagile Elkargo Ofizialeko Kontseiluak gertakizuna sakonean aztertzeko denbora hartu du, eta azkenean, iritzia plazaratu du. Agiri batean, eutanasiari buruzko egungo frantses legeen edukia gogorarazi dute.

«Sendagile orok bete beharreko Hipokratesen zinak, osasun publikoaren kodeak eta deontologia kodeak, eriaren bizia ukitzea debekatzen diote. Biziak babestua eta errespetatua izan behar du azken unera arte», nabarmentzen du Sendagileen Elkargoak agiri horretan.

Horrekin, inori bizia kentzeko erabakia hartzea «borondatezko hilketa» bat dela nabarmentzen dute, bereziki, «nork bere kasa, talde hausnarketarik gabe, eta familiarekin hitz egin gabe hartu badu».

«Bakoitzaren filosofia edo ideologia zeinahi izanda ere, ez da inolaz ere zilegi gizaki bati bizia kentzea», ondorioztatzen dute. Hala ere, agiria kaleratzearekin batera, jakinarazi zuten datorren astean berriro bilduko direla, gaia sakonkiago eztabaidatzeko, eta ondotik, irailean, erabakiko dute Bonnemaisonen aurkako salaketa jarri ala ez. Izan ere, sendagileei zigorra ezartzeko eskubidea dauka elkarteak. Bestalde, Baionako erietxeko sendagileek familiei samina eta sostengua adierazi zieten gertatutako heriotzak direla-eta. Era berean, Bonnemaisoni adiskidetasuna adierazi zio- ten, eta kalitate handiko sendagilea dela goraipatu. Jazotakoari buruz kontu handiz eta errespetuz hitz egitea eta jardutea beharrezkoa dela nabarmendu zuten amaitzeko.

Ikerketa abian

Prozedurari jarraituz, Baionako erietxean gertatutakoa argitzeko, gizarte gaietarako Ikuskaritza nagusiak inkesta abiatua du larrialdi zerbitzuan, baieztatu dutenaren arabera.

Osasun eta gizarte arloko politikak eta dispositiboak ikertzea da helburua, eta Baionako erietxearen ibilmoldea, barne kontrolen prozedurak eta eriei egindako harrera aztertuko dituzte. Emaitza bi hilabete barru kaleratuko dute. Bestalde, Nicolas Bonnemaison aske dago baldintzapean. Baionako auzitegiak erabaki horren aurka dei egin zuenez, kartzelatuko duten argitzeko dei auzia datorren irailaren 6an egitekoa da Pauen.

Elkarretaratzea

Irailaren 6an, Pauen iraganen den dei auziaren karietara elkarretaratzea deitua dute Bonnemaison sendagilearen sostenguz. Ekimena Paueko auzitegiaren aitzinean izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo