JOAN-ETORRIak
Fitxaketen azken txanpan, talde bila jarraitzen dute hainbat jokalarik
J.L.
Jokalarien fitxaketak egiteko azken egunetan sartu dira taldeak, eta mugimendua gero eta biziagoa izaten ari da. Orain arte talderik gabe zeuden batzuek topatu dute lekua, beste batzuek taldez aldatzea erabaki dute, eta batzuek, gainera Euskal Herritik kanporako bidea egin nahi izan dute.
Horietako bat da Mikel Alvaro. Jokalari arabarra Numancian zegoen, baina Soriakoek baja ematea erabaki dute, eta Georgiako Lehen Mailara joan da, Tblisiko Dinamon jokatzeko. Izen handiko taldera joatea erabaki du Amurrioko futbolariak.
Beste izen ezagun batzuek ere talde berriak topatu dituzte. Horietako bat Unai Alba da. Pasa den urtean Herculesekin Lehen Mailan aritu ostean, azkenean Bigarren B Mailako Orihuelak fitxatu du Atheticeko atezain ohia. Igandean jokatu zuen lehen partida.
Eduard Castro atezain lapurtarrak ere badu taldea. Iaz Conquensen aritu ostean, talderik gabe zegoen, eta AFErekin ari zen entrenatzen. Castellon taldean jokatuko du. La Planakoak Hirugarren Mailan jokatu beharko dute, diru arazoak medio, Federazioak behera bidali baitu Castaliako taldea.
Iñaki Muñozek ere talde berria dauka. Osasunako eta Athleticeko jokalari ohiak Bigarren B Mailako Salamanca taldean jokatuko du. Heldu berria da, eta igandean ez zuen jokatu. Taldez aldatu den bestea Pascal Elissalde da. Donibane Lohizunekoak Tarbesekin ia eginda zeukan, baina aurkezpen egunean arazo batzuk sortu ziren, eta Cognac talderako bidea hartu du.
Huesca taldea ere Osasunak utzitako jokalariekin osatzen ari da, eta Jokin Esparza gehitu zaie lehen zeudenei. Bestalde, Ustaritzek Athletic utzi, eta Betisen jokatuko du aurten. Hirugarren Mailan ere topatu dituzte euskaldunek taldeak, eta horietako bat Xabi Bautista gipuzkoarra da. Burgos Promesas 2000 taldean jokatuko du.