Strauss-Kahn-en etorkizun deserosoa
Dominique Strauss-Kahn libre da honezkero bere bizitzarekin nahi duena egiteko. New Yorken hotel bateko garbitzaileari sexu erasoa egiteagatik ez dute auzipetuko. Orain Parisera bueltatu daiteke, printzipioz, bere eskubide guztien jabe. Gertatutakoaz ezer gutxi gehiago esan daiteke. Epaiketarik ezean, berari sinestea edo Nafissatou Diallori sinestea norberaren esku geratzen da. Akusatua DSK izatea edo beste norbait izatea ez dela berdina argi geratu da, nolanahi ere. Justizia ez da itsua eta presioak bere eragina izan du, zalantzarik gabe. Ondorioz, DSK libre da. Libre zertarako, ordea? Politika mailan, esan nahi da, ez maila pertsonalean. Inkestetan frantziar herritarren kuttun izatetik, PSF alderdiko «hautagai hoberena izatetik», Sarkozyri itzala egin liezaiokeen frantziar politikari bakarra izatetik... zenbaitentzat kide deserosoa izatera igaro da bat-batean. Ez pentsa, ordea, arerio bezala erosoagoa denik ere. Horrexegatik, frantziar politikari gehienek DSKren absoluzioa pozik hartu duten arren, zaila da esaten aurrerantzean har ditzakeen erabaki guztiekin hain pozik izango ote diren. Izan ere, eztabaida moralaz harago, «DSK auzia»-ri buruzko eztabaida batez ere politikoa izan da. Botereari buruzko eta bere erabilera okerrari buruzko eztabaida interesgarria izan da. Eta, DSK «etxera» joango dela esan ezean, eztabaida ez da amaitu.