GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Hara, hara, hara... Gure Marijaia!

Hasi da festa Espainiako Itzulian ere. Egunotan, hondartza eta opor usaina izan dugu Benidorm aldean. Baina larunbatean, taldekako erlojupekoarekin txupina aireratuta, jai-giro beroan murgilduta gabiltza, BEROA da protagonista nagusi batez ere! Linean lehiatutako lehen etapa, kontrolatu samar joan zen, esprinterren taldeek kontrolatutako ihesaldi batekin. Bigarrenean aldiz, saltsa gehiagorako aukera ematen zuen ibilbideak, eta irten bezain pronto errepide gorabeheratsuan eraso festa hasi zen.

Festarako gogotsu zeuden "parrandistek" aurrerako bidea egin zuten. Nola ez Chavanel, Lastras eta abar tartean! Parrandan jai guztietan ikusi ohi ditugun «golfoak» legez, hauek ere eraso festa guztietan daude beti! Batak jo, besteak erantzun, hurrengoak atzetik harrapatu eta... Hara, hara, hara... Gure Markel tartean! Honi ere gustatzen zaio ba saltsa guztietako perrexila izatea! Etapa aurrera eta tropela tartea murriztu ezinik, imajinatzen hasia nintzen «txantxikua» Marijaiaren antzera besoak gora altxatuta garaipena ospatzen!!!

Bigarren etapan Markel ikusi ezin izan genuenez, hirugarrenean Sierra Nevadako tontorrean, Bilbotik gertuen bizi den taldekidea besoak gora dituela ikustea amesten genuen, baina Igorrek ez du egunik onena izan eta denbora apur bat galdu du. Zer egingo diogu bada? Festa aurrera doa eta Bilbon Aste Nagusia luzea bada hemen Vuelta zeresanik ez. Oraindik aukera asko geratzen dira eta saiatuko gara bat edo beste Marijaiaren itxura hartzen egunotako batean!