GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal Kopa

Superligako taldeek beren nagusitasuna erakutsi beharko lukete

Jon LEUNDA

Larunbatean, Donapaleun, Abantok final-laurdenak jokatzeko txartela lortu ostean, gaur erabakiko dira beste hiru norgehiagokak, eta hiruretan, gainera, Superligako taldeak izango dira.

Jokatzen lehenak Athletic eta Añorga izango dira, 18.30etik aurrera lehiatuko baitira, Azpeitian. Gaurko partidarik erakargarriena ere horixe izango da agian. Izen handiko bi talde arituko dira aurrez aurre, nahiz eta Añorgak behera egin duen. Ikusteko partida polita izango da, halere. Zuri-gorriak dira faborito. Maila bat gorago daude, eta berdegunean hori nabaritu egin behar da. Gipuzkoarrak ilusioz gainezka joango dira, denboraldi osoan aukera gutxi izaten baitituzte bizkaitarrekin neurtzeko. Partida hau irabazten duenak, abuztuaren 26an jokatuko du finalerdia Abantoren aurka.

Final-laurdenetako bigarren partida Zubietan jokatuko da, 19.00etan, eta Reala eta San Juan lehiatuko dira. Hemen ere zuri-urdinek beren nagusitasuna erakutsi behar dute. Maila bat gorago egotea kasualitatea ez dela ikusi behar da. Gainera, Etxabek zuzentzen dituen neskek itxura oso ona eman dute asteburuan jokatu duten torneoan.

20.00etan jokatuko da final-laurdenetako azkeneko partida. Gasteizen izango da Olaranbe futbol-zelaian. Aurrera Vitoria eta Lagunak neurtuko dira. Hemen ere gauza bera esan daiteke. Nafarrak dira elitean daudenak, eta maila bateko aldea nabaritu beharko litzateke. Aurrera da Arabako talderik onena, jokalari gazteak eta onak izaten ditu, baina ikusi beharko da beren prestakuntza nolakoa den, agian goiz samar izan baitaiteke berarentzat. Lagunaki, berriz, ongi etorriko zaio, beren indarrak ikusi ahal izateko, eta aurrera egiten badu, Realaren aurka jokatzeko aukera asko izan ditzake, izan ere Zubietako garailea eta Gasteizko garailea Beasainen jokatuko den finalerdian neurtuko baitira etzi arratsaldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo