GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Bilboko Aste Nagusia

Txosnen aurpegiak erakusten du jaien bihotza

Kritika finaren, ironiaren eta umorearen erakusle ezin hobeak dira Bilboko konpartsen txosnak apaintzen dituzten marrazki eta esaldiak. Urtean zehar gertatutakoa islatzen da horietan, betiere konpartsen ukitu bereziaren eskutik. Kritiken jomuga nagusia Areatzetik gertu-gertu dagoen udaletxearen maizterra da.

p054.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Areatzean biltzen diren Bilboko konpartsek luzaroan erakutsi dute Aste Nagusiaren bihotza, birikiak eta arima direla. Beraiek gabe, jaiak umezurtz geratuko lirateke, azken bi urteotan argi eta garbi frogatu den bezala konpartsek egindako planto egunetan. Txosnarik gabe, bertako ekitaldirik gabe, ez dago jai herrikoirik, ez dago ezer.

Baina ezinbestekoak izateaz gain, konpartsen txosnak Aste Nagusiaren aurpegia ere badira. Txosnek erakusten duten kanpo itxura, «mozorroa», funtsezkoa da, Euskal Herriko, eta, bereziki, Bilboko, errealitatea (edo behintzat errealitatearen gaineko ikuspuntu bat) islatzen duelako. Era umoretsu eta ironikoan, kritika fina eginez askotan. Txosnak bi toki nagusitan kokatzen dira. Alde batetik, Areatzean zehar, alboko kaleak ere hartuta; esaterako, Komantxe, Tintigorri edo Uribarri konpartsen kasuan. Bestalde, Arriaga antzokiaren inguruan, alboan zein atzealdean. Konpartsa gazte zein zeharrak elkartzen dira bertan, beraien arteko bizikidetzan inolako arazorik sortzen ez duena.

Txomin Barullo konpartsak zabaltzen du txosna eremua udaletxetik gerturatuta. Sorreratik izandako nortasun ikurrak mantentzen ditu oraindik ere: marra zuri-gorri horizontalak (txosnan zein kamisetetan), eta Groucho Marxen irudia, purua erretzen.

Aurrera jarraituz gero, Mamiki konpartsa feminista aurkituko dugu. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen du konpartsa honek, eta argi eta garbi uzten du letra larriz bere txosnan idatzitako esaldiarekin: «Iraultza feminista izango da, edo ez da izango».

Areatzean sartu aurreko txosnagunea beste bi konpartsek osatzen dute: Hontzak eta Pinpilinpauxa. Lehendabizikoa mugimendu anarkistarekin lotuta dago, eta, aurtengoan, gerrak eta kapitalismoa salatu dituzte txosnako dekoratuan. Horretarako, misilak eta armak margotu dituzte, atzean trajedun txerriak dituztela, armen negozioa kontrolatzen duten aberats burgesekin erraz identifika daitezkeenak. Pinpilinpauxa, bere partetik, askatasun sexualaren aldeko konpartsa dugu. Zirku bezala apainduta dute txosna, eta, bertan, transformisten ikuskizunak, striptease-ak... izaten dira.

Bere garaian, Ripa Bilboko portuaren kokagunea izan zen, bertan itsas bizitza pilatzen zelarik. Aste Nagusiak bizitza hori berreskuratu du, baina, hori bai, parrandara bideratuta. Zortzi konpartsa biltzen dira ibaiertzean, bata bestearen alboan estu-estu.

Gure bidea jarraituta, Euskalgunea aurkitzen dugu, euskararekin lotutako konpartsen gunea. Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau!, Abante eta Txori Barrote konpartsen jaigunea da. Eguzkizaleen txosnak, hori bai, aurtengoan Japonian izandako Fukushimako istripu larriari erreferentzia egin behar zion ezinbestean konpartsaren kontzientzia ekologista dela-eta. Hortaz, txosna zentral nuklear hondatua bihurtu dute, zuloak nonahi dituelarik. Mezua, garbia: «Euskal Herrian arrisku nuklearrik EZ!».

Hau Pittu Hau! eta Abante euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten konpartsak dira. Lehendabizikoak, euskara erabiltzeaz harro sentitzea defendatzen du «Euskaldun eta burujabe!» lelopean. Abante, aldiz, «Berria» egunkariari lotutako konpartsa da, eta, euskararen kaleko erabilera bultzatzeko animoak ematen dizkio bere txosnara hurbiltzen den edonori.

Areatzeko zubira gerturatuta, Kulturgunea aurkituko dugu, euskal ohiturak, eta, orokorrean, kultura, babestea helburu duen gunea. Satorrak konpartsako kideek beren kamiseta horiekin emango digute ongietorria. Parez pare Zorrotza auzoko Txinbotarrak konpartsako txosna dute; «Txinbo Hood» gogoan, Bilboko aberatsen atzaparretatik babesteko deia egiten dute. Altxa Porrue konpartsa, berriz, orijinala da oso. Jai herrikoiak gaztelu gisa irudikatu ditu, betiere Kaskagorriko Asterix eta Txori Barroteko txoritxoa bidelagun hartuta. Kanpoko erasotzaileetatik babesteko erabiltzen dute gaztelua; hau da, Azkuna, Ares eta konpainiatik babesteko.

Moskotarrak konpartsak kirol mundua izan du gogoan bere txosna diseinatzerakoan. Alde batetik, Bizkaia Bilbao Basketeko zenbait jokalari irudikatu dituzte, beltzez jantzita, saskibaloi ligako txapeldunorde izan zirela gogoratuz. Bestalde, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile berria ere izan dute gogoan...

Zubia zeharkatuta, Arriagaren magalean zenbait txosna daude. Irrintzi Athleticeko zenbait peñek osatzen dute. Lehoi erraldoi bat margotu dute Europa konkistatzen, UEFArako sailkapena buruan.

Karpagunera sartuta, bi konpartsa aurkituko ditugu. Otxarkoagako Pa...Ya konpartsak, kale ordenantza berriari kritikatzen du. Bilbori izena ere aldatu diote: «HORRORIFICA Villa de Bilbao». Bigarren txosna mugimendu internazionalistari lotutako Askapeña dugu. Estatu gabeko zenbait nazioren banderekin, herri guztien autodeterminazio eskubidea defendatzen dute. Picassoren «Gernika» ezagunaren alboan, hurrengo esaldia ere nabarmentzen da: «Internazionalismoa ez da delitua».

Arriagaren atzealdera heldutakoan, Kaixo eta Kobetamendi konpartsen txosnak aurkituko ditugu. Eta Kaskagorri? Erantzuna gure begien aurrean dugu; agertokiaren gainean, Asterix erraldoi batek muzin egiten dio udalaren aginduei: «Hemen gaude». Inposaketen gainetik, bizi-bizirik.

Kobetamendi konpartsak, bere aldetik, pasa den urteko irudi berdina dauka. Hori bai, buelta emanda. «Elkartasunez egoera irauliko dugu», da Altamirakoen leloa. Horrez gain, Kaixo pailazoaren aurpegia ere erabili dute zenbait pertsonaiari kritika zorrotza egiteko eta konpartsa debekatuei elkartasuna adierazteko.

Areatzera bueltatuz, Zaratas, Tas-Tas irrati librearen txosna, aurkituko dugu. «Zure ametsak gure irratian defendatzen ditugu» lelo ederra dute goiburu. Triangune gunean, Sin Kuartel, Bizizaleak eta Mekauen konpartsek jarri dituzte euren txosnak. Antimilitaristek hitz-joko ederra egiten dute; George Lucasen «Star Wars» filma gogoan, «Stop Wars» leloa jarri dute. Ekologistek, berriz, arrisku nuklearra gogoan, Fukushiman jartzen dute begirada beste behin ere. Azkenik, Mekauen konpartsak bete berri dituen 20 urteak ospatzen ditu betiko mezu internazionalista ahoan.

Areatzetik kanpo, okupazioren aldeko mugimenduarekin lotutako Komantxe konpartsak Kukutza gaztetxea du mugarri. Txosnak Bilboko gaztetxe eta mugimendu autogestionatu guztiak bateratzen ditu.

Uribarri konpartsak ere oso modu berezian atondu du bere txosna. Erdi Aroko gotorleku bihurtu du, eta konpartseroek garaiko arropak janzten dituzte. Tintigorri konpartsa deustuarrak era bitxian apaindu du txosna, «Deustown» izenpean western herri baten itxura emanez, Clint Eastwooden irudi eta guzti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo